Blogetan

Oinarriak

 

Lehenengoa: lehiaketaren arduradunak

Blogetan! Blog izarren bila egitasmoa Azkue Fundazioak antolatzen du, Argiaren laguntzarekin, eta lehiaketa teknologiko, dibertigarri eta parte-hartzailea da.

 

Bigarrena: lehiaketaren xedea

Lehiaketa honen helburua euskarazko blogak eta euskal blogariak saritzea da, hauek ezagutzera emanez eta blogetan euskararen aldeko erabilera sustatuz.

 

Hirugarrena: nori dago zuzenduta eta parte hartzeko baldintzak

Euskaraz blog bat idazten duten orok parte hartu dezakete.

Blogen izen ematea lehiaketan edonork egin dezake, edozeinek proposatu dezake gustokoa duen bloga lehiaketan parte hartzeko, nahiz eta horren jabea edo idazlea ez izan.
Blogaren egileek zuzenean izena ematen dutenean eta idazle bat baino gehiago badago, behin bakarrik hartu dezake blogak parte lehiaketan eta sari bakarra irabaziko luke irabazle suertatuko balira.

Lehiaketa honetan parte hartzeko bete beharrekoa: parte hartzen duen bloga euskaraz idatzita egotea.

Bestalde, bideoblogak ere onartuak izango dira lehiaketan.

 

Laugarrena: izen ematea

Izena emateko lehiaketa honetan www.blogetan.eus webgunean sartu eta parte hartzeko inprimakia bete behar da.

Lehenengo faseak irauten duen bitartean, edozein unean eman daiteke izena.

 

Bosgarrena: kategoriak

Lau kategoria ezberdin daude lehiaketan:

  • Kultura (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, enologia, musika…)
  • Gizarte eta Politika (historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea…)
  • Aisialdia (zaletasunak, kirola, bidaiak…)
  • Zientzia eta Teknologia (natura, osasuna, arkitektura , informatika…)

 

Seigarrena: epaimahaia

Lehiaketako irabazleen aukeraketa sistemak publiko eta epaimahaiaren parte hartzea ezartzen du.

Epaimahaiaren kasuan, hauek dira edizio honetan hau osatuko duten kideak:

  • Azkue Fundazioko bi teknikariak.
  • Zuzeu orainkari digitaleko Urko Uranga.
  • June FernandezPikara Magazine aldizkariaren sortzailea eta blogari ohia
  • Joxe Rojas. Internet ekintzaile euskalduna eta Teknopataren txokoa blogaren sortzaile eta egilea.
  • Argiako arduradunak, Blogari berria sariaren irabazlea aukeratzeko.

 

Epaimahaikideek ez dituzte euren blogak lehiaketara aurkeztuko. Eta beste hirugarren batek hauek proposatzekotan lehiaketako blog parte hartzaileen artean agertuko dira. Baina epaimahaiak ez ditu blog hauek bozkatuko; eta publikoak eskainitako botoei esker sailkatuko balira, ez lirateke finalistak suertatuko: horien atzetik sailkapenean agertuko litzatekeen beste bloga aukeratuko litzateke.

 

Zazpigarrena: bozkatze sistema

Blogetan! Blog izarren bila bozkatze sistema bikoitza da, publikoa eta epaimahaia osatuten duten kideen artean erabakiko delako zeintzuk izango diren blog finalistak.

 

Zortzigarrena: lehiaketako faseak

Lehiaketak hiru fase izango ditu:

  • Blogen izen ematea/proposatzea: tarte honetan edozein unetan izena eman daiteke.
  • Blogen bozkatzea: bai publikoak eta bai epaimahaiak parte hartuko dute fase honetan. Publikoak webgune edo Twitterren bidez bozkatuko du.
    • Kategoria bakoitzeko hiru blog aukeratuko dira fase honetan eta hauek izango dira 12 finalistak.
    • Publikoaren bozkatzeak %50a balioko du, eta epaimahaiaren bozkatzeak beste %50a. Beraz, bien artean erabakiko dute zeintzuk diren kategoria bakoitzeko hiru blog finalistak.
  • Azken bozkatzea eta irabazleen aukeraketa: fase honetan epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu. Kategoria bakoitzeko hiru blog finalisten artean, epaimahaikideek bat aukeratuko dute eta hori izango da kategoria bakoitzeko blog irabazlea.

Beraz, epaimahaiak aukeratuko ditu lehiaketako azken lau irabazleak.

Fase honetan, Argiak ere euskal blogari berria saria zein egileari eskainiko dion erabakiko du.

 

Bederatzigarrena: lehiaketako epeak

  • Izen ematea eta blogak proposatzea: lehiaketa urtarrilaren 16an jarriko da martxan. Izena emateko epea urtarrilaren 16tik otsailaren 13a arte zabalik egongo da.
  • Publikoak blogak bozkatzeko epea: otsailaren 13tik martxoaren 10a arte izango da. Epe honetan epaimahaikideek blog parte hartzaileak berrikusiko dituzte eta euren iritzia adieraziko dute. Bien artean aukeratuko dituzte blog finalistak zeintzuk izango diren.
  • Kategoria bakoitzeko finalisten aukeraketa. Kategoria bakoitzeko hiru finalisten aukeraketa martxoaren 13an izango da.
  • Azken faseko bozkatzea martxoaren 13tik 20ra bitartean izango da. Epe honetan epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak zeintzuk izango diren.

 

Hamargarrena: publikoaren bozkatze-sistema.

Publikoak kategoria bakoitzeko hiru blog finalistak aukeratzeko bozkatu dezake.

Bozkatzea bi modutara egin daiteke:

  • www.blogetan.eus webgunean erregistratuz eta egun bakoitzean boto bat kategoria bakoitzari emateko aukera izango dute erabiltzaileek.
  • Twitter bitartez ere bozkatzeko aukera dago #Blogetan traola erabiliz, bozkatzen duzun blogaren esteka eta zein kategoriatan parte hartzen duen zehaztuz.

Publikoaren bozkatzeak fase honetan %50a balioko du, eta epaimahaiaren bozkatzeak beste %50a.

 

Hamaikagarrena: sariak

Sariei dagokionez, hauek dira emango diren sariak:

  • Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat diseinatutako garaikurra.
  • Fnac-en gastatzeko 200 eurotako diru txeke bana kategoria bakoitzeko irabazlearentzat. Irabazle suertatzen den blogean idazle bat baino gehiago badago, saria 200 eurotako txeke bat izango da ere.
  • Eta sari berezi bat: euskal blogari berrienarentzat. 2016an zehar sortutako edozein gaiaren inguruko bloga aukeratuko da. Sari hau Argiak ematen du.

Blogari berriaren saridunak honako hau jasoko du:

  • Saridunari ARGIAn kolaboratzeko aukera ematen zaio.
  • Urtebeteko ARGIAren harpidetza.

 

Hamabigarrena: sari banaketa ekitaldia

Sariak martxoaren 30ean ospatuko dugun jardunaldi eta sari-banaketa ekitaldi baten emango dira, Euskararen Etxean. Orduan jakingo dira sarituak nortzuk izan diren.

Gardentasuna begi bista gera dadin,  www.azkuefundazioa.eus Azkue Fundazioaren web atarian, blogetan.eus lehiaketako webgunean eta  www.argia.eus Argiaren webgunean iragarriko dira irabazle guztien izenak ekitaldi publikoaren ondoren.

 

Hamairugarrena: informazioa, zabaltzea eta komunikazioa

Lehiaketaren webgunea www.blogetan.eus da. Honetan, lehiaketan parte hartzeko erabiltzaile edo blogariek izena eman dezakete eta bisitari guztiek parte hartuko duten blogak ikusi ahal izango dituzte, baita hauek bozkatu ere.

Antolatzaileek lehiaketari buruz informatzeko eta parte hartzaile eta erabiltzaileekin komunikatzeko webgune hau erabiliko dute, eta baita sare sozial ezberdinetako profilak ere:

Plataforma hauetan erabiltzaileek ere parte hartu ahal izango dute, beraien mezu, iruzkin eta abarren bidez. Guztiz beharrezkoa izango da mezu guzti horiek euskaraz idatzita egotea eta erabiltzaileek baldintza hau onartzen dutela ulertzen da parte hartzen dutenean.

Antolatzaileek eskubidea izango dute oinarrietako baldintza hau aplikatzeko eta euskaraz idatzita ez dagoen edozein mezu ezabatzeko, beste inolako azalpenik eman gabe.

 

Hamalaugarrena: oinarrien interpretazioa

Antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketa honen oinarriak interpretatzeko, baldin eta horrek lehiaketaren xedea betetzen laguntzen badu.

Sariekin nolabaiteko arazorik sortzen bada, ezaugarri bereko beste sari batzuk emango dira haien ordez.

 

Hamabosgarrena: oinarrien onarpena

Lehiaketa honetan izena emateak esan nahi du erabat onartzen direla oinarri hauek.