Blogetan

Jardunaldia

Martxoaren 30ean, Euskal blogarien 2. topaketa ospatuko dugu Euskararen Etxean, sari banaketa ekitaldiaren egun berean.

Jardunaldia arratsaldeko saioan ospatuko dugu, 15:30etatik aurrera.

Hauxe da egun horretarako egitaraua, parte hartzaileen zerrenda eta ordutegia.

 

Egitaraua

 

15:30 Ongi etorria eta agurra 15:40 Hitzaldia: "Tendencias en contenidos digitales: lo que nos matará o lo que nos hará más fuertes". Antonio Ortiz (WeblogsSL)

16:10 Hitzaldia: "Blog bat edukitzerakoan kontuan izan behar diren gako juridikoak". Ion Turrillas (Biantik)

16:30 Blogintzaren inguruko inkestaren datuen aurkezpena 16:45 Mahai-ingurua: garapena, posizionamendua eta baliabideak

17:35 Mahai-ingurua: sustapena, publizitatea eta monetizazioa

18:25 Blogetan! Lehiaketaren sari-banaketa 18:45 Pikoteo-solasaldia

 

Hizlari eta parte hartzaileak

 
Antonio Ortiz (Weblogs SL)

Antonio Ortiz WeblogsSL enpresaren sortzailea eta egun estrategia zuzendaria da. Blogaria da bera ere eta bere burua letren informatikotzat definitzen du. Weblogs gaztelaniaz edukiak sortzen dituen hedabide espezializaturik handiena da. Gai espezializatuen inguruan erabiltzaile komunitateak sortzen dituzte. Lau arlotan egiten dute lan nagusiki: teknologia, bizi estiloa, motorra, aisia eta ekonomia. Egun, 40 blog baino gehiago kudeatzen dituzte, eta horien artean Xataka, Genbeta, Applesfera, Trendencias, Directo al Paladar, Bebés y más, Vitónica edo Motorpasión gunetako sortzaileak izan dira. Estatu espainolean eta Hego Ameriketan oinarrituta dago euren presentzia eta hilero 55 milioi erabiltzailetik gora dituzte. Euren negozioa markak eta berezko audientziak lotzean datza. Weblogs SL munduko interneteko komunikazio talde nagusienen 600en artean dago eta estatu espainoleko 10 nagusienen artean kokatuta dago. Mota askotariko eduki eta formatuak lantzen dituzte: elkarrizketak, gidak, probak, trikimailuak, aholkuak. Eta hauek guztiak testu, argazki zein ikus-entzunezko edukien bitartez. Euren bezeroen artean, egun, Coca Cola, Philips, ING Direct, El Corte Inglés, BBVA, Sanitas, Sage, Lenovo eta Orange daude, beste batzuren artean.

 
Ion Turrilas (Biantik)

Biantik enpresak teknologia aholkularitzako gertuko zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu: informazio segurtasun arloan formazioa eta software garatzaileak dira. Ion Turrillas izango dugu gurekin, teknologiaren zuzenbidean espezializatua eta bere hitzaldian blogen inguruko segurtasun eta legedi aldetik kontuan izan behar diren berezitasunei buruz arituko da.

 
Blogintzaren inguruko inkestaren datuen aurkezpena

Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketarekin batera, euskarazko blogintzari buruzko inkesta publikoa sortu genuen. Inkesta sortzearen ideia eta helburua egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatzea izan zen. Otsaila eta martxoaren hasieran izan dugu zabalik erantzuna emateko aukera. Inkestaren bitartez honako galderei erantzuna ematen saiatu gara: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Hauek eta beste asko. Tarte honetan inkesta horrek jaso dituen emaitzen azalpena egingo dugu.

 
Mahai-ingurua: garapena, posizionamendua eta baliabideak

Burutuko ditugun bi mahai-inguruetan blogen egoera eta garapenen inguruko azterketa sakona egingo dugu, arlo ezberdinetan aritzen diren ahots desberdinei parte hartzeko aukera emanez. Bietan arlo hauetan Euskal Herrian profesionalak diren kideek hartuko dute parte eta moderatzaile bat izango dugu, gaia kokatu, hitza eman, galderak proposatu eta elkarrizketa bideratzeko. Moderatzaileek mahai-inguruaren tartea bukatzerakoan, ideia nagusiak laburbilduko dizkigute. Lehenengo mahai-inguru honetan garapena izango da ardatza. Kasu honetan blogen garapenarekin erlazionatutako gaiak landuko ditugu: posizionamendua bilatzaileetan, plugin eta beste baliabideen garapena, euskaraz sortuta dauden baliabideak eta behar ditugunak, eta abar. Arlo honetan dauden zailtasunak, berezitasunak, beharrak eta egin beharrekoak aztertuko ditugu. Estitxu Garai izango dugu moderatzaile tarte honetan. Estitxu EHUko publizitateko irakaslea da. Berak aurkeztuko dizkigu parte hartzaileak.

 
Mahai-ingurua: sustapena, publizitatea eta monetizazioa

Bigarren mahai-inguruan beste arlo bati helduko diogu: sustapen arloari. Honetan, blogen mometizazioari buruz arituko gara, publizitatea lortzeko aukeraz, euskarazko blogen kasuan publizitatea nola gauzatzen da aztertuko dugu. Eta, orokorrean, blog baten sustapena egiteko egin beharreko ekintzetaz. Mahai-inguru honetako moderatzailea Ana Malagon izango da. Anak, blogaria izateaz gain, bere idazlanak ere plazaratzen ditu sarean eta publizitate eta marketin alorrean lan egiten du. Publizitate-agentzietan lanean eskarmentua lortu eta duela ia hamar urte dira bere agentzia propioa zabaldu zuela, La Personalité izen pean.

 

Aldibereko itzulpen zerbitzua izango dugu lehenengo hitzaldirako

Antonio Ortiz-ek eskainiko duen hitzaldirako gaztelaniatik euskarara aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dugu. Interpretea bertan izango dugu gurekin eta itzulpenaren kudeaketa Interprest makinarekin egingo dugu. Interprest sistema, interpretazio-zerbitzuak eskaintzeko plataforma teknologikoa da, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, bultzatu eta Talaios Kooperatiba eta Biantik Kooperatibaren artean garatutakoa. Kostu txikikoa eta eramangarria, ekitaldi mota ezberdinetara egokitzen dena. Haririk gabeko teknologia baliatuz, mugikorretan oinarritutako komunikazio-sistema erabiltzen du. Interpretearen mugikorrak mikrofono txiki baten bidez audioa bidali eta entzuleak bere mugikorrean jasotzen du. Proiektuak teknologia irekien aldeko apustua egiten du hasieratik, komunitatearen esku jarriz garapen guztia. Interpreteen audioaz gain, entzuleak testu eta irudi jarioa ere jaso dezake bere mugikorrean, ekitaldiari buruzko informazio gehigarri gisa. Irisgarritasun beharrei erantzuteko pentsatua dago funtzio hau, baita entzuleari ekitaldian gertatzen denaren ideia orokorra testu eta irudi bidez iristarazteko ere. Jardunaldian, erabiltzaile kopuru mugatu batekin probatzeko aukera eskainiko diegu sortzaileei.  

 

Izena emateko

Doako ekintza bada ere, espazio mugatua da eta horregatik aurretiazko izen ematea eskatzen dugu. Inprimaki bat besterik betetzea ez duzu behar. Jardunaldi honetan entzule bezala parte hartu nahi baduzu, hemen sakatu.