blogak

Tropela

Aisia 

Hegemonia guda lehertu da

Pasa den astean lehertu zen orain arteko isiltasuna. Euskadi-Murias taldeko arduradun bat kexu agertu zen medioen aurrean. Euskadi Fundazioa eta Orbea jarri zituen jomugan, lagundu baino, oztopatu egiten dutelakoan beren jarduna. Arrazoia duen ala ez, ez dakit, ezta esan zituenak zenbateraino diren egiak. Baina hala balitz ere, ez dut ulertzen kexu agertzeko jarrera hori.

Euskadi-Murias lan txukuna ez, bikaina egiten ari da aurten errepidean. Halako irudirik eman gabe pasa ziren kontinental mailatik. Baina hain argi zegoen egoera batean aurrean, guztiz aurreikusi eta hein batean saihets zitekeen zerbaiten aurrean hartu duten jarrera ulertu ezinik nabil. Inoiz publikoki esango/idatziko ez diren beste arrazoi batzuk ere badaudela esango nuke, baina ustekabekoa behintzat ez da izan hau guztia. Aspaldi jarri zuten beraien trena besteena zetorren norabide berean eta talka lehenago edo beranduago etorriko zela argi zegoen, norabide aldaketarik ezean.

Aurretik beste era batera idatzi nuen, baina 2 pertsonek aulki berean eseri nahi badute, talka ekidinezina da. Asko errespetatu daitezke elkar, bakoitzak bere bidea egin nahi duela esan eta nahi duten guztia, baina biek nahi badute aulki berean eseri, lehia egongo da. Eta hemen hegemonia lehia dago. Nor izango euskal taldea, gure taldea, bakarra. Monopolioa.

Baina lehia ez da orain sortu. Euskaltelek babesletza erretiratu eta gero, Migel Madariaga goxo eserita egon zen aulkia, euskal talde profesionalaren aulkia, desegingo zela zirudien. Hutsik ikusten zuten batzuk, zaindu gabe besteek, zaharkituta askok, baina Jon Odriozolak hasieratik esan zuen bera aulki horren bila zetorrela: euskal talde bat berriro Tourrera eramatera. Ez zuen talde bat besterik gabe bultzatu, Euskaltel 2.0 berde bat nahi zutela han eta hemen zabaldu zuen behin eta berriz.

Berdin Mikel Landak ere Euskadi Fundazioa hartu eta laranja kolorera itzultzeko hautua egin zuenean ere. Sare sozialetan jada kendu zieten #guretaldea berdeek, baina betiko taldea, laranja, beraiena zela esateko aldarrikapen bat ikusi genuen askok laranja kolorearen berreskurapenean. Apur bat agian deskuidatu zutela aulkia, baina beraiei zegokiela eta ez zeudela inoren esku uzteko prest.

Horregatik, ez da sorpresa Muriasekoek enpresak nahastuta dabiltzala esatea, inork ez baitaki oso ondo ez nolako aulkia den ez noren esku dagoen. Baina ez dago beste aulkirik esertzeko? Behinola ikusi zen aulki laranja eder bat gure ingurutan, baina ez dago inor aulki berriak eraiki edo bilatzeko prest?

Harritzen naute baita hemen talde bat baino gehiago kabitzen ez dela diotenek ere. Zeharka, norbere proiektua goratu eta bestea gutxiesteko erabiltzen den argudioa dela ere iruditzen zait. Egon daitezkeen etxeko baliabide pribatu zein publikoak eta zalegoa monopolizatzeko helburuarekin. Nork esango zuen Eibarrek ere lehen mailan lekua zuenik? Hemen bientzat lekua egon daiteke, baina inolaz ere ez biek aulki berean eseri nahi badute. Eta aulki berriak eraiki/bilatzen baino aulki zahar laranjaren jabetza aldarrikatzen energia gehiegitxo xahutzen ari direlakoan nago.

Atzerriko enpresek ba omen dute Euskadi-Murias taldean interesa, baina badirudi taldeak ezetz haiei lekua uzteko… Edo gezurra da edo farol handiegia. Ez esatearren gaur egungo txirrindularitzari begiratuta akats handia dela babesle potentzial bat itxaroten izatea, aukera asko baleude bezala.¬†Orbearen paperari dagokionez, nik ere ez ditut bere hainbat erabaki ulertzen, adib. duela gutxi aipatu nuen hau, baina Euskadi Fundazioaren aldeko apustua ulertzen dut. Konpartitzen ez dudan arren. Orbeak ez du Fundazioaren aldeko apustua egin. Mikel Landaren aldeko apustua egin du, bere marka Mikeli lotzeko asmoarekin. Eta zer nahi duzue esatea, hobe Mikel, Ibon Zugasti baino, ezta? Apustu merkea gainera. Ez dakit Canyon gustora egongo den, baina Orbeari askoz garestiago aterako zitzaion Movistar babestea Mikelen irudia erabili ahal izateko. Eta zuzenean ez, baina zeharka, Orbeak Mikel Landaren irudia erabiltzeko asmoa duela deritzot. Iaz, nik uste hori erakargarriagoa zitzaiola Euskadi-Muriasen proiektua baino. Eta gainera, askoz kontrol handiagoa zuen proiektuarengan. Mikel Landaren inguruak World Tour talde bat helburu zutela ere zabaldu zuen, baina ez bada konfirmatzen, Orbearentzat Euskadi-Murias askoz inbertsio hobea zelakoan nago.

Baina hemen, talde eta egitura sendoak nahi baditugu, bi aldeek zabaltzen ari diren farolak alde batera utzi eta hobe lukete hegemonia lehia hori ere albo batera uztea. Egin dezala norberak bere proiektua eta utz ditzatela aldarrikapenak Aberri Egunerako nahi badute. Kanpoan bila dezatela hemen ez dagoen dirua, baita hemen beti egongo ez diren puntako bestelako baliabide pertsonal eta materialak ere (txirrindulariak barne), eta atzerrira begira gara dezatela beren estrategia, oinarri Euskal Herria hartuta. Baina taldea kanpora begira egin beharrean etxekoei begira egiten badute jai dute. Euskaltelek zerbait erakutsi bazuen, etxeko parrokia kontent izatea nahikoa ez dela izan zen; proiektu hauen iraupena ez duela etxeko arrakastak bermatzen. Euskal selekzioa izan dezakezu, erreferentzia lokala izan; gobernu, alderdi eta politikarien irudia zabaltzeko tresna bezala mimoak jaso eta herritarren babesa izan. Baina alferrik munduko zirkuituan lehiakorra ez bazara eta munduko enpresa handien arreta jasotzeko moduko proiektua ez bada. Esan genuen, hegemonia lehia irabazteak ez du ezertarako balio. Luzera begira, hobe nazioartean puntan egon ahal den proiektu bat diseinatzea (bere neurrian eta bere diferentziazioarekin), hainbeste bilatu gabe hemengo instituzioen babesa eta hemengo zale eta iritzi publikoaren txaloak. Iritsiko dira lana ongi egiten badute. Baina badirudi administrazioaren babesa eta zaleen txaloak nahi dituztela lanean hasteko.


Tropela.eus-en ikusi post hau

Erlazionatuak:
Euskadi Muriasen berpiztea
Txomin Juaristi: “Euskal Herrian maila ona ikusten dot”
WorldTourreko euskal maillotak

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07