blogak

Taupadak

Ez deitu “borroka sektorialak”, oinarriak dira

Argazkia: Bizitza Da Handiena.

Argazkia: Bizitza Da Handiena.

Nola borrokatu abiadura izugarrian eta inongo konplexurik gabe, Bruselatik hasi eta gure herrietaraino ezartzen ari diren politika neoliberalak? Nola geratu herritarren txirotzea, eskubideen etengabeko murrizketak, gure bizitzen espektakularizazioa?

EAJk, PSOEk eta PPk, hemengo eta hango oligarkiarekin bat eginda, disidentzia politikoa inoiz baino kontrolatuago dutela irudikatzen duten egunotan, erronka handia dute egoerarekin ados ez dauden herritarrek. Nola gerarazi denaren gainetik pasatzen ari diren arrabola pisutsua?

Legeak, poliziak, epaileak, bankuak, hedabide publiko eta pribatu nagusiak… boterearen tresna guztiak eskura dituenari aurre egitea ez da erraza. Isunek, kolpeek, estigmek, kartzelak beldurra sortzen dute, nola ez. Baina horren aurrean zer? Nola aldarrikatu errebeldia, nola biderkatu borrokarako grina hamarkada luzez sufrimentuak eta errepresioak kolpatutako herri honetan? Nola ireki agertoki berriak Euskal Herriko politikagintzan?

Pistaren bat eman lezakete Urkullu lehendakariak El Diario Vascon orain bi urte egindako adierazpenek:

“Ardurarik gabeko mugimendu sozialek Katalunia baldintzatzeak asaldatzen nau”.

Proiektuen konfrontazioa beharrezkoa dela erabaki dutenen artean, borroka molde ez-biolentoen inguruko esperimentazioa etengabea izaten ari da. Izan atxiloketen aurkako herri harresiak, fabrika hutsen okupazioa, greba feministak, makro-proiektuen aurkako kanpaldiak, etxe kaleratzeen aurkako mugimendu desobedienteak, informazio kanal propioen sustatzea, injustu gisa hartzen diren legeen urraketa kolektiboak, langile borroka praktikan jartzeak, pentsio duinen aldeko mobilizazio etengabeak, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate jendetsuak… Kalea bizirik dago ikusi nahi duenarentzat.

Herri mugimenduek nola eman dezakete eraginkortasunean jauzi kualitatibo bat? Sistema kapitalista honetan ia denak etengabe logika bera elikatzen duen gisan, sistema neoliberalari aurre egiten ari den trintxera bakoitzak nola elika dezake elkar? Nola joan indarrak bateratzen, agendak partekatzen, kontrapuntuak eraikitzen? Nola ulertu feminismoa, euskaltzaletasuna, ekologismoa, langile borroka eta abar luze bat ez direla “borroka sektorialak” edo ertzak, baizik eta borroken artean hierarkizaziorik onartu ezin duen proiektu komun baten oinarriak?

Orain gutxi norabide horretan egin nahi izan du ekarpena Bizitza Da Handiena dinamikak, borroka sozialen astea aurrera eramanez. Dozenaka eta dozenaka eragile, bakoiza beretik, eredu hegemonikoari aurre kalean egiten aritu dira. Sindikatu eta herri mugimenduak elkarren ondoan, sinergiak sortzeko prest.
Izan ere, Marina Garcesek orain gutxi ARGIAn zioen gisan: “Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07