blogak

Sustatu

Txioetan ustekabeko domeinu-izenak sortzeko arriskua

Txio batean nahi gabeko errore txikia egin zuen Rudy Giuliani politikari Trump-zale estatubatuarrak duela gutxi: espaziorik ez utzi puntu baten ondoren, eta ondorioz, osatu zen hitzak domeinu itxura hartu zuen: G-20.In. Twitterrek klikagarri bihurtu zuen hori automatikoki, eta marketing aditu batek domeinua erosi eta Trump-en aurkako mezua paratu du bertan. Barregarriena da Giulianik ez duela ulertu errore inozo bat izan dela guztia.

New York-eko alkate errepublikarra izandakoa da Rudy Giuliani, eta Trump-zale amorratua da. Abokatu lanak egin ditu berarentzat, eta orain, Etxe Zurirako ziber-segurtasun aholkulari gisa egiten du lan. Ziber-segurtasunaz, ordea, ezer gutxi daki. Azaroaren 30ean mezu hau bidali zuen.

Errore sinplea egin zuen, puntu baten ondoren espazioa janda, sistemak automatikoki domeinu-izen baten traza hartu zion karaktere katea sortu zen bertan: G-20.in. Gmail edo beste sistema batzuetan ere antzekoa gertatzen da. Okertzen bazara txio batean eta idatzi beharrean "16.ean aidanez" idazten baduzu "16.an aidanez", sistemak .an domeinua igartzen du (neerlandar antilletakoa), eta lotura sortzen du: 16.an

Giulaniren kasuan erroreak domeinu bat "sortu" zuela ikusirik, marketing aditu batek erosi egin zuen, eta bertan mezu bakarreko web orri bat jarri zuen: Donald Trump traidorea da.

Politikari errepublikarrak ez du, ordea, errorearen izaera ulertu, eta txio originala ezabatu beharrean, erantzun batekin jarraitu du tematuta, Twitterrek bere testua manipulatzen utzi duela salatuz. Giulianik dio beste errore antzeko bat duela mezuak, Helsinki.Either esaldian ez baita loturarik sortu. Baina ez da konturatzen lotura automatikoak sortzen direla baldin eta maila horretako domeinu nagusi bat dagoean. Euskarazko goragoko adibidera joz, 16.ean ez du klikagarri bihurtzen Twiterrek, .ean domeinu nagusirik ez delako esistitzen. Aldiz, 16.an edo 16.eus bai bihurtzen ditu klikagarri (dena den, .eus domeinuen kasuan alferreko domeinu bat sortzen da horrela, bi karaktereko domeinuak ezin baitatezke erosi PuntuEus-en).

A ze nolako ziber-segurtasun aditu Giuliani hau!

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07