blogak

Sustatu

Q12: aplikazio batean oinarritutako telebista-quiz lehiaketa

Q12 Espainian modan jarri den aplikazio bidezko telebista-programa berezi bat da. Telebista da, aurkezle batek gaueko 22.00etan aurkezten duen quiz saio bat delako, baina aplikazio mugikorraren barruan bakarrik ikusten da emanaldia. Eta parte-hartzaileak aplikazioaren erabiltzaile guztiak gara. Gaztelaniaz da eta pentsatzekoa da Hego Euskal Herrian ere badela erabiltzailerik.

Aplikazioa espainiar batzuek klonatu dute Estatu Batuetan hedatu den beste eredu bat kopiatuz (HQ Trivia). Lotsarik gabeko kopia da, egia esanda; baina nonbait nazioartean hedatzeko asmoa dute.

Interfaze berdin berdinekin... Aplikazioa estatubatuarra sortu zuen ekintzailea, Colin Kroll, Twitterren integratu zen Vine bideo-aplikazioaren tipo bera izan zen, eta aste honetan bertan hil egin da. Kopia hain agerikoa izanda, posible ote da Q12-ren hazkundeak aurrera egitea, HQ Trivia hor egonda? Ikusi beharko da.

Txinan ere hedatzen ari omen dira honelakoak... Frantsesezko Frantziako parekidea Flashbreak dela dirudi. Dena den, ez dirudi herrialde-mugarik dagoenik aplikazio hauek erabiltzeko: Q12 espainolarekin konektatu zaitezke Japoniatik ere, zuzenekoaren ordutegiarekin bat egiten baduzu.

Hamabi galdera

Q12 emanaldi eta aplikazioren mekanika erraza da. Gaueko 22.00etan hasten da zuzenean, eta aurkezle batek (gehienetan Juanjo de la Iglesia espainiarra, duela urte mordoxka bat ezagunagoa) aurkezten ditu galderak. Komentarioak tartekatuz eta, 10 bat minutuan amaitzen da kontua.

12 galdera dira, eta hiru erantzun daude bat aukeratzeko. Aurkezlea esaten hasi, eta mugikorreko edo tableteko pantailan agertzen zaizu galdera eta erantzuna hautatzeko interfazea. 10 segundu besterik ez daude aurkezleak ahoa zabaltzetik, eta ez du denborarik ematen Google edo Wikipedian informaziorik bilatzeko. Baldin badakizu, sakatu zure aukera, edo bestela ea txiripaz asmatzen duzun.

Galderen zailtasuna bariablea da, baina galbaheak funtzionatzen du amaierara arte. 70.000 lagun hasten badira 1. galdera erantzuten, dozena bat edo irits daitezke 12. asmatzeraino, eta hauen artean, 500 euro banatzen dira gauero, Paypal bidez kobratu daitezkeenak. Sistemak joker edo 'comodin' sistema bat ere badu: galdera bat tranpa eginez asmatzeko balio dizu, baina egunean comodin bakarra erabil daiteke, eta sekula ere ez azkenengo 12. galderan.

Sarietan, berezia Gabon Gauean

500 euro egunero eta produkzio gastuak... Aplikazioa eta parte-hartzea doan izanik, non dago irabazia edo negozio eredua? Sustapen eta publizitatearen agerpena izan daiteke, HQ Triviaren bidetik badoaz. Oraingoz horrelakorik ez dago, dena den, badirudi erabiltzaile hazkundean zentratu direla.

Eguneroko sari horiek biderkatze nabarmena izango dute datorren abenduaren 24ko emanaldi berezian. Gabon Gauean, 22.00etan izan barik, 21.30etan emango dute programa, eta 12 galderak gainditzen dituztenen artean 10.000 euro banatuko dira.

Q12 jaisteko: Android / iOS

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07