blogak

Sustatu

2017ko urakan-denboraldiaren laburpena: "izugarri aktiboa" eta ezohikoa

Azaroa amaitzearekin batera itxi da urakanen denboraldia, azaroaren 30ean bukatzen baita ofizialki (ekainaren 1ean hasi eta azaroaren 30ean buka). NASAk laburpen txiki bat egin du, eta aurtengoa "izugarri aktiboa" izan dela ondorioztatu du. Irudian agertzen den moduan, ia-ia izen barik ere geratu dira ;)

Aurtengo denboraldian 17 ekaitz tropikal sortu eta izendatu dituzte, horien artean 10 urakan bilakatu direnak. Hamar urakan horietako sei, gainera, goi mailako urakan bilakatu dira (3-5 indar bitartekoak), normalean baino gehiago. 

Pilatutako energia zikloniko totala aintzat hartuta, hau da, ekaitz tropikal guztien iraupena eta intentsitatea aintzat hartuta, historiako zazpigarren denboraldirik gogorrena izan da 2017koa, eta 2005az geroztik bortitzena. Urakanen jarraipenerako batzorde zientifikoa 1851. urtean hasi zen datuak jasotzen. 166 urteko datu-segida historiko zehatza dauka, hortaz.

Erabat ezohiko denboraldia

Gorago aipatutako makrodatuetaz aparte, 2017ko denboraldiak baditu erabat ezohiko egiten dituen beste zenbait datu eta gertakizun. Besteak beste, ondorengo datuek, guztiak batera aztertuta, adierazten dute 2017ko denboraldia oso berezia izan dela:

  • Urakan-denboraldia oso-oso goiz hasi zen, ohikoa baino 2 hilabete lehenago. Izan ere, apirilaren 19an sortu zen Arlene ekaitz tropikala. Historian zehar birritan bakarrik sortu da horrelako ekaitz bat apirilean; aurrekoa Ana izan zen, 2003an.
  • Harvey urakanak hainbat errekor gainditu zituen. Estatu Batuetan historian zehar euri gehien utzi duen zikloia izan da. Aurreko errekorra Hiki urakanak zeukan, 1950ean. Historian zehar galera ekonomiko handienak sortu dituen urakana ere izan da Harvey, eta luzaroen iraun duena Estatu Batuetako lurretan: 117 orduko bizi iraupena izan zuen Texasen lurra hartu ondoren, aurreko errekorra bikoiztuz (Fern urakanak 54 ordu iraun zituen 1971. urtean)
  • Irma urakanak ere hainbat errekor historiko gainditu zituen, besteak beste, 5. mailako urakan batek sekula izan duen iraupen luzeena izan baitzuen (37 orduz iraun zuen kategoria horretan, 298 km/h-ko abiadurako haizeteekin).
  • Historian lehenengoz, 4 kategoriako bi urakan iritsi dira Estatu Batuetara urte berean. Harvey eta Irma izan dira marka horren erantzule.
  • Maria izan da Puerto Ricoko historian galera handiena sortu duen urakana. 55 hildako, 250.000 etxe hondatuta, 100.000 milioi dolarreko galera ekonomikoa,... Oraindik ere, abenduan, uharteko 17 herrik argi indarrik gabe jarraitzen dute.
  • Maria urakanak beste errekor bat ere gainditu du: Karibe mendebaldean urakan bati sekula neurtu zaion presio baxuena izan zuen, 908 mb.
  • Historiako irail aktiboena ere izan da aurtengoa, hil horretan Metatutako Energia Ziklonikoari dagokionez.
  • Bukatzeko, Ophelia izan da inoiz sortaldeen sortu den urakana, 18.3ºra heldu zelako 3. Kategoriarekin. 

Hortaz, zalantzarik gabe, 2017ko urakan denboraldia erabat ezohikoa izan dela ziurtatzeko hainbat datu ditugu esku artean. Zoritxarrez, gertaera berezi horiek gero eta ohikoago bihur daitezkeela ematen du, aldaketa klimatikoaren eraginez.

jatorrizkoa ikusi

2013-2017
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07