blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Superheroi-komikien “gizontasuna” arriskuan: istorioen balizko “pobretzeak” ezkutatzen duena

AEBetan, superheroien komiki irakurle asko haserre dago, argitaletxeek erabaki dutelako presentzia handiagoa ematea ohikoak ez diren pertsonaia eta tramei, emakumezkoei eta “euren arazoei” alegia. Sare sozialetan begiratu azkarra emanda, ohartuko gara kontrako erreakzioak bi multzotan sailka daitezkeela. Batetik, irakurle batzuek diote ez daudela haserre komikietan emakume (eta homosexual) geroz eta gehiago dagoelako, baizik eta argitaletxeek erabaki dutelako urrats hori ematea marketin kontuengatik, “garaiko modari jarraituz”. Horrek eragin omen du komikion esentzia zartatzea, pertsonaia eta trama berriak “indarrez” sartu direlako. Aldiz, beste askok erreparorik gabe esan dute superheroien komikiak gizonezkoen esparru pribatua direla, eta emakumeek ez dutela eskubiderik urtetan mantendu den eskema apurtzeko. Batzuk eta besteak Comicsgate mugimenduak bildu ditu, komikien aniztasuna (izan genero zein ikuspegi politikotik begiratuta) arbuiatzen duena, aniztasun horrek istorioak pobretzen dituela argudiatuta.

Chelsea Cain gidoilariaren ‘Mockingbird’ bildumaren 8 zenbakiaren azalak (2106) zalaparta handia eragin zuen; baita Ed Luce ‘queer’ artistaren ilustrazioa zeraman ‘Gijoe’ sagakoarenak ere (2017), “tonu homoerotiko handikoa”.

Gaiaren inguruan luze hitz egi du Alex Serranok Xataka agerkarian: Así es el Comicsgate, el fenómeno que tiene en pie de guerra a la industria y los fans del cómic de superhéroes (Horrelakoa da Comicsgate, superheroien industria eta zaleak borrokarako prest dauzkan fenomenoa).

Erreportajea ICV2 webguneak emandako hainbat daturekin ireki du Serranok: AEBetan, komiki erosleen artean %63 gizonezkoak dira, %57ak 13 eta 29 urte artean du, eta %69 zuriak dira. Superheroien generoari dagokionez, gizonezkoak dira irakurleen %78; erdiak 13-29 urte ditu eta beste erdiak 30-54. Aldiz, mangaren kasuan, genero aldetik kopuruak parekatuagoak dira (gizonezkoak dira irakurleen %56, eta emakumezkoak %44); halaber, irakurleen %76 30 urtez azpikoak dira.

Bestalde, sektorean nagusi diren bi argitaletxeak (Marvel eta DC) sortu zituzten enpresari gehienak gizonezko zuriak ziren, baita pertsonaia ezagunenak sortu zituzten artistak ere. Gaur egun, bi argitaletxeetako langileen %15 inguru dira emakumezkoak.

Aldaketa mota bati beldur

Serranok dioen moduan, superheroien komikien industriak maiz aldatu ditu gauzak, “guztiak berdin jarraitzeko”. Aldaketa batzuek (pertsonaia bat hil eta biziberritzea, euren izaera edota uniformeen koloreak aldatzea…) haserrea eragin dute lehenago ere, baina ez aniztasun handiagoa bilatzea helburu duten aldaketek bezain beste. Haserre horren abanderatuak nortzuk diren aipatzen da artikuluan, AEBetakoak lehenbizi eta Espainiako Estatukoak gero. Eta, hara non, Comicsgate fenomenoaren ikur agian ezagunena euskaldun bat den, Ibai Canales, “kickboxing entrenatzailea, Twitter kontuan Donald Trumpen aldarri ultrakontserbadoreekin bat egiten duena eta marrazkilari bezala bidea egin nahi duena”.

Espainiako Estatuko hainbat daturekin amaitu du artikulua Serranok. Iruzkinen atalean ordea bada zer irakurri; ekarpen batzuk aberasgarriak dira, beste batzuk ordea…

Komikizale batzuek diotenez, dibertsifikazioa da komiki salmentak jasan duen jaitsieraren erantzule nagusietakoa. Beste artikulu batean, baieztapen hori gezurtatzen duten datuak eman ditu Xataka agerkariak: Si Marvel está en crisis no es por culpa de la diversidad, sino por culpa del propio sistema Marvel (Marvel krisian badago, ez da dibertsifikazioaren erruz, Marvelen sistema beragatik baizik)

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07