blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Kirol instalazioak: non dira emakumezkoen izenak?

Kataluniako Generalitateak 4.000 kirol instalazio “ofizial” baino gehiagoren datuak jasotzen ditu bere webgunean. Izen generikoa dute gehienek: auzoaren izena, kalearena, erreka edo mendi batena, tokiko festa edo  beste erreferentziaren batena… Badira, ordea, pertsona baten izena duten 150 instalazio inguru. Kirolariak dira ia denak, baina badaude enpresari edota politikarien izena daramatenak ere,  Lluís Companys estadio olinpikoa adibidez. Bada, 150 horien artean, soilik bederatziri ematen diete izena emakumezkoek, Fosbury.cat webguneak plazaratutako datuen arabera.

Carmen Sugrañes Blay, eta haren izena jarri dieten Vilanova i la Geltrú hiriko atletismo pistak.

Bederatzi instalazio horiei, bakarren bati salbu, hamarkada honetan jarri diete orain daukaten izena. Vilanova i la Geltrú hiriko atletismo pistek, esaterako, maiatzean hartu zuten Carme Sugrañes Blay izena, 1930eko hamarkadan atleta, arraunlari eta saskibaloi jokalaria izan zenaren omenez. “Tantaka-tantaka, erreferenteak diren emakume kirolariak bistaratzea erabakitzen dute kirol instalazioek”, dio Roger Castillo kazetariak.

“Ez gara kontziente kirolean emakumeen diskriminazioa zein punturaino hautematen den zerbait naturala balitz bezala”

Aipua Helena Herrerarena da, Mallorcako (Balear Uharteak) Feministes en Acció elkarteko kidearena.

Gobernuak izena aldatu nahi dio Palma Arena belodromoari, eta herritarrei eskatu die euren proposamenak egiteko. Kirol Batzordeak bost izenen artean hautatu beharko du orain: generiko bat (Illes Balears), gizonezko bi ziklistarenak (Guillem Timoner eta Joan Llaneras), eta emakumezko beste birenak (Magdalena Rigo eta Mavi Garcia), azken hauek Feministes en Acció elkarteak proposatuak.

Mavi García txirrindulari mallorcarrak erlojuz kontrako Espainiako Txapelketa irabazi du aurten, eta hirugarrena izan da errepidekoan, Eider Merino bizkaitarrak irabazi zuen proban.

Herrerak dio belodromoari emakumezko ziklista baten izena jartzea aukera ona litzatekeela bistaratzeko emakumeek bizi duten egoera kirolean, “Balear Uharteetan bereziki, gizonezkoek kontrolatua eta egitura patriarkal sakon batekin”. Ekintzaile feministak gogorarazi du jada badaudela udal kiroldegiak “Joan Llaneras” eta “Guillem Timoner” izenekoak.

Zein da Euskal Herriko panorama?

Nire inguruko herrietako (Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Ormaiztegi, Beasain eta Azkoitiko) instalazioak zerrendatuta, jabetu naiz Kataluniakoek bezala izen generikoak dituztela kiroldegi, pilotaleku eta futbol zelai gehienek: Ispilla, Aldiri, Bikuña, Zubipe, Antzizar eta Zubi-aurre kiroldegiak; Beloki, Ederrena, Urbeltz eta Gurea pilotalekuak; Argixao, Loinaz eta Txerloia futbol zelaiak…

Eusko Jaurlaritzaren webgunean azaleko bilaketa egin eta gauza bera ikusi dut: izen generikoak dituzte kontsultatu ditudan guztiek.

Aldiz, jende gehien biltzen duten Euskal Herriko instalazioak zerrendatuta, ondorioa bestelakoa da. Izen generikoak dauzkate gehienek, baina ez dira gutxi gizonezko bat omentzen dutenak: San Mames futbol zelaia (kristau martiria izateak dakartzan “baina” guztiekin); Baionako Jean Dauger errugbi zelaia; Gasteizko Fernando Buesa Arena eta Donostiako José Antonio Gasca saskibaloi pabilioiak; eta Donostiako Atano III, Gasteizko Ogeta, Hendaiako Daniel Ugarte edota Iruñeko Labrit pilotalekuak. Azken horrek Albret edo Labrit leinuari egiten dio erreferentzia; pilotalekua, Joanes Albretekoa/Juan de Labrit kalean dago zehazki, Joanes III. erregearen kalean alegia.

Gasteizko pilotalekua. Jose Maria Palacios Moraza pilotariaren goitizena da “Ogeta” / Kirol Exprés

Gainerakoan, Mendizorrotza, Ipurua, Anoeta, Sadar, Donostia Arena, Maloste, Anaitasuna, Artaleku, Bidebieta, Lasesarre, Beotibar, Astelena… izen generikoak dituzte instalazio guztiek.

Memorialak: gizonezkoen izenak nagusi

Eraikinak alde batera utzita, bada esparru bat gizonezkoen izenak nabarmen direnak nagusi: “memorial” deitura daukaten lehiaketak. Izan pilota, atletismo, mendi lasterketa, futbol, saskibaloi edota txirrindularitza memorialak, hildako kirolari bat omentzen dutenak kasu ia guztietan: Diego Gartzia, Juan Mugertza, Luis Alejo BolunburuJosetxo Imaz, Jose Antonio Zuloaga, Iokin Intxausti, Jose Luis Valentziaga, Juan Etxaniz, Javi Durango… dozenaka adibide aurki daitezke.

Zerrenda horretan gehitu daitezke txirrindulari ezagunen izenak dauzkaten zikloturista martxak: Miguel Indurain, Abraham Olano, Omar FraileSamu Sanchez, Javier Otxoa, Iban Mayo, Juanma Garate

Emakume baten izena daramaten memorial eta bestelakoak aldiz… Bermeoko Salome Campos igeriketa-proba (izen bereko kontserba-enpresak babesten duena) da bat, baina hortik harago, nik dakidala, ezer gutxi. [Inork beste adibideren bat ezagutzen badu, eskertuko nioke jakinaraztea]

Litekeena da urteak pasa ahala emakume kirolarien lorpenek oihartzun handiagoa izatea eta euren izenak normaltasunez txertatzea kirol instalazio eta gainerakoetan; bitartean, Kataluniako zein Euskal Herriko egoerak balio dezala gaiaz hausnartzeko…

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07