blogak

Nessum Dorma

Originaltasuna

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Alexandre Tharaud (pianoa). Egitaraua: Couperin, Debussy, Chabrier, Satie eta Beethoven-en obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 6a.

 

Eskertzekoa da noizean behin ohiko bideetatik ateratzea musika klasikoan. Baina horrek arriskua dakar. Arrakastatsua izan daiteke, originala eta iradokitzailea, edo guztiz kontrakoa, zentzugabea eta aspergarria. Halere, artista ausart batek arriskuak asumitu behar ditu aurrerapausuak emateko. Alexandre Tharaud pianista frantsesa musikari adoretsu horietako bat da eta, gustatu hala ez, errezitaldi ezohizko bat eman zuen. Hasteko, egitarau berezia eskaini zuen, non garai ezberdinetako konpositore frantsesak nahastu egiten ziren Beethoven berantiar batekin, entsalada bitxia eginez. Baina, horrez gain, pieza bakoitzaren interpretazioak ukitu pertsonal eta kuriosoa estilistikoki izan zuen.

Ematen duenez, Tharaud-en espezialitatea barrokoa da, eta horrexegatik Couperin distiratsu bat espero genuen. Distira gutxi sumatu genuen, baina konpositore honen bost piezak delikatuak eta kutsu esoteriko batekin iritsi zitzaizkigun. Aspergarriak ere bai. Ondoren, Debussy-ren ‘Prélude à l’après-midi d’un faune’ jo zuen Tharaud-ek. Jatorriz orkestrarako den obra eder honen pianorako bertsioa pianistak berak egindako moldaketa zen, originala ere bai. Dotoreki jo zuen, soinu ezin politagoa erakutsiz.

Emmanuel Chabrier-en ‘Pièces pittoresques’ sortarekin amaitu zen lehenengo zatia. Oso interpretazio barnerakoia egin zuen, ñabarduraz betea, nahiz eta zertxobait hotza.

Bigarren zatian Erik Satie-ren Gnossienne pare bat eta Gymnopédie beste pare bat interpretatu zituen. Ederki girotu zituen piezak, behar den bakea eta sonoritate gardena emanez.

Amaitzeko, Beethovenen 31. Sonata la bemol maiorrean jo zuen Alexandre Tharaud-ek. Teknikoki akatsgabea, benetan, baina bizitasun pixka bat falta izan zitzaion interpretazioa guztiz biribila izateko.

Hiru bis oparitu zituen. Scarlatti-ren sonata bi, bata guztiz akrobatikoa eta, bestea, guztiz xamurra, eta Chopin-en gaztaroaren vals xarmangarri bat. Ok. Gehiago espero genuen.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07