blogak

Nessum Dorma

Efektismoa

FItxa: Musika Hamabostaldia. Haydn-en ‘Kreazioa’. Eszenaratzea: La Fura dels Baus. Zuzendaria: Carlus Padrissa. Musika Zuzendaria: José Ramón Encinar. Haydn dels Baus abesbatza. Zuzendaria: Jordi Casas. Bakarlariak: Alicia Amo (sopranoa), Gustavo Peña (tenorea), Thomas Tatzl (baritonoa). Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 3a.

 

Hasi da aurtengo Musika Hamabostaldiko edizioa. Ziklo ugari, leku desberdinetan, hitzordu interesgarriak musikaz disfrutatzeko. Hauetako bat, jakin min izugarria sortu zuena, dudarik gabe, Kursaal zikloa ireki zuena, Haydn-en ‘Kreazioa’ hain zuzen ere. Aski ezaguna den obra da, ederra, baina aldi honetan bazuen, horrez gain, apaingarri berezi bat: La Fura dels Baus-en eszenaratzea. Aldez aurretik banekien ez zela tokirik egongo epeltasunerako. Edo txoratuta edo nazkatuta aterako nintzela. Baina, egia esan, ez bata ez bestea. Ikusgarria, oso, izan zen eszenatokian aurkeztu zena, baina neurtua. Esango nuke Fura-ren legendazko transgresioa nolabait baretuta azaldu zela, ariketa gehienbat estetikoa eginez.

Begibistan zen Haydn-en obraren esanahi erlijiosoa sahiestu zela, ikuspuntu kosmogoniko bat emanez. Irukidatu ziren itsasoan zehar gertatzen diren migrazioen tragediak, salaketa gisa, eta uneoro proiektatzen ziren esaldi ‘sakonak’ (ingeles hutsean). Baina, benetan, apaindurak besterik ez ziren, edo inpresio hori eman zuen. Eta, guzti horrek, askotan, ez zuen ez bururik ez buztanik.

Bestalde, zaildu egin zen abeslarien lana. Edo garabi batetik zintzilikatuta, edo ur-kontainer batean sartuta, modu xelebreetan egin behar izan zuten beren lana. Bakarlari fin eta distiratsuak izan genituen, hori bai. Gustavo Peña tenoreak ahots garbi eta malgua azaldu zuen, biribila. Halere, Thomas Tatzl baritonoa izan zen saioaren izarra. Oso eroso agertzen zen erregistro guztietan, batez ere grabeetan, eta une zoragarriak oparitu zizkigun. Alicia Amo sopranoak, bestalde, aktuazio akatsgabea egin zuen. Lehen aipatutako zailtasun eszenografiko guztiak gainditu zituen profesionaltasun osoz eta bikain aritu zen. Ad hoc antolatutako ‘Haydn dels Baus’, abesbatza, Jordi Casas-en zuzendaritzapean fintasunez aritu zen, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak txukun azpimarratu zuen osotasuna.

Amaitzeko, gogoeta bat. Ederra izan zen ikusi genuena, globoak, garabiak, argiztapen korapilatsua… baina, benetan, ez zuen ezer aportatzen Haydn-en lanari. Are gehiago, esango nuke guzti horrekin batzuetan musikan izan behar genuen arreta galtzen zela. Galdetu beharko diogu gure buruari zergatik jarri behar dizkiegun maisulan klasiko hauei maskarak. Akaso izango da pilulekin gertatzen dena, batzuetan irentsi ezin, eta jogurt batekin hartu behar  ditugula? Pentsarazteko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07