blogak

Katebegia

Quebecen: Quebec hiriburuaz eta Montrealez inpresio sorta

Eliza Katolikoaren ezaugarria gailen da Quebeceko Parlamentuan.

Euskal Herritik kanpo egon gara opor garaian, Kanadako Quebecen bi astez. Hainbat bururapen heldu ohi zaizkit horrelako bidaien abiaburuan.
Honatx horietako bi, lehena nazio supremazisteetako hiritarrei entzuna: “Nazionalismoa bidaiatzen sendatzen da”. Bigarrena, nirea: “Gaurko turistak iraganeko konkistatzaileen ondorengoak –edota haien jarraitzaileak – gara”.

Beste herrialdetara bidaiak beraiei buruzko dugun ezagutza apurra emendatzeko baliagarriak izaten zaizkit. Ipar Ameriketako Kanada Estatuko Quebecen probintzia egon ostean, hauxe inpresio sorta:

Quebectarrak adeitsuak dira, gehienak frankofonoak, harremanetan zuzenak –komunikatzean itzuli-mitzuli inguru bakoak , alegia–. Atseginak dira eta ironia darabilte bat-bateko harremanetan. Hizkuntzari dagokionez, frantziarren nagusitasuna jasan ohi dute. Hartara, haiekin frantsesez mintzatzean ez duzu frantziarren nagusikeria edo irmokeria jasan behar.

Frantziako eta Britainiar Handiko kolonialismoaren ondorengoak dira, besteak beste. Kanada Britainiar Commonwealth-eko estatu-kidea da, Britainiar Inperioaren menpeko lurralde ohia. Oraindik ere, Britainiar Handiko Élisabeth II. Erregina da buru gorena.

Iparamerikarrak diren aldetik, estatubatuarrekin antzekotasuna badute, haatik, estatuaren eta herritarren inguruko segurtasunak harritu nau. Karriketan ez duzu baitezpadako segurtasunik eza sentitzen, ez gure hirietan baino gutxiago bederen.

Adibiderako, Quebec hiriburuko Zitadelan egon ginen bisitan. Bertan du bigarren egoitza Kanadako Gobernatzaile Nagusi Julie Payettek. Zitadela gotor militarra da gaur egun, alabaina, barruraino sartu ginen lasaitasunez. Quebeceko Parlamentuan ere egon ginen, eta berdin han ere.

– Kanada eta Quebec Mendebaldeko kultura demokratikoaren ondorengoa dira, beren baloreak eta gabeziak dituzte. Norberak neurtuko ditu munduko egungo demokrazia kontserbatzaile eta liberalaren baloreak, alabaina, haren gabeziak neronek azpimarratuko ditut:

* Demokrazia da, beraz, parlamentua eta lehen ministroa ditu, alta bada,  demokrazia kontrolatua da, historiaren bilakabide ekonomiko politikoaren menpekoa. Britainiar Handiko Élisabeth II. Erreginak izendatutako Julie Payette, Philippe Couillard lehen ministroaren gainean dago.

* Eliza Katolikok agindu du historian, agindu duenez. Horren lekuko, dauden eliza pila. Baita horren lekuko izan ere,  Quebeceko Parlamentuko Ganbaran, presidentetza mahiaren gainean dagoen Gurutzea. Estatu laiko izanda ere, Eliza Katolikoaren ezaugarria gailentzen da. Gurutzea politikarien polemika iturria da, eta bozketak bozketa, presente dago eta dirau.

* Quebeceko Parlamentua ederra da, eta berau hobetzeko lanetan ari dira. Quebeceko historiaren lekukoa da. Alabaina, Quebeceko historia 1534an, Jacques Cartier Frantziako esploratzailearekin hasi zen, eta 1608an, Quebec hiria sortzaile Samuel Champlain-ekin finkatu. Hau da, bertan ziren lehen biztanleak, huron tribukoak besteak beste, ez dira Parlamentuan ageri inondik ere.

* Bisita gidariak, of the records adierazi zigunez, hutsune hori Quebectarren gabezia dela adierazi zidan. Parlamentua berritzearekin batera, gela bat irekiko dute “aurre-historia” azaltzeko. Beste kontu bat, Parlamentuko hainbat gelatan diputatuen agerraldi historikoak jasota daude. Kurioski, quebectarrek beren independentzia lortzeko modu demokratikoan egindako erreferendumen inguruan ez da bat bera ere jasotzen.

* Quebectarrek 1995eko urriaren 30ean egin zuten bigarren eta azken erreferenduma. Independentistek oso alde txikiaz galdu zuten, botoen % 49,4 haien aldekoa izan zen,% 50,6, aurkakoa. Alderdi Quebectarra ez da une onenean gaur egun, bai ordea, Alderdi Liberala.

* Azkenik, Montreal, hiri handiena eta egungo kulturaren erreferentea, munduko herri eta kulturen melting pot delakoa da. Gu Outremont auzoan, egon gara, judutar ortodoxoen komunitatea oso deigarria da. Paradoxikoki, bertan bizi den alabak Stephen King idazle iparramerikarraren Écriture liburua eskuratu zidan. Autobiografia horretan, hasieran hauxe zioen idazleak: “Ni sortu nintzen munduan, nerabea garaian, ene osabari hauxe entzuten nioen sarri, ‘mundua, AEBak barne, judutarrek gobernatuta dago…’.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07