blogak

Katebegia

Badaezpada eta Bidenabar

Hazila Enkaxka goitizeneko lagun batek helarazi dizkit irudia eta testu hau.

Bi lagun ezagutzen ditut aspaldidanik, bat arra da eta emea bestea. Tira, izan litezke biak ar, biak izan litezke eme. Edonola izaki ere, bat Bidenabar  izendatu dut eta Badaezpada bestea.

Bidenabar eta Badaezpada ipuin bateko protagonistak begitantzen zaizkit maiz: biritxiak dira nolabait, eguneroko zereginetan antzekoak biak ala biak, egungo munduaren begikoak, elkarrekiko beren-beregiak eginak gaur egungo mundurako.

Bidenabar goiznabarrean zalu joan ohi da etxetik Badaezpada-ri musu bi eman ostean.

Badaezpada-ren arretak ez du parekorik. Etxetik aritzen da, baita etxean ari ere. Etxeko mila konturen ardura hartzen du bere gain, baita Internetez mila konturen kontu jaso ere bidenabar.

Egungoa ez da badaezpadako eguna, alabaina Badaezpada zoli ari da gosarian:

– Aizu Bidenabar, gaur lanetik bueltan ekarriko al duzu ikuzgailurako xaboia?
– Lasai Badaezpada, xaboi pila daukagu baina nahi baduzu, ekarriko dut bidenabar.

Bidenabar ez da ganoragabea, bikoteak bezain beste ardura hartzen badaki:

– Aizu Badaezpada, ongi litzateke gaur neguko arropa ikuzgailuan jartzea, eta bidenabar, udaldiko jantziak prest bagenituzke hainbat hobe.

– Lasai Bidenabar, iaz udaldiko arropa pila erosi genuen badaezpada. Edonola dela ere, lanetik etxera bueltan, asteko hazkurrien erosketa nagusia egin zenezake badaezpada ere, eta nahi baduzu, arropa ez ezik, aurtengorako zapata berriak eros zenitzake.

Gosaria bukatzear daudela, honela erran dio Badaezpada-k Bidenabar-ri:

– Eguerdi partean nire gurasoenera hurbil zintezke bide batez. Oporretan daude. Badaezpada, badakizu, lapur asko ari dira inguru hartan, hartara, inor ez dela sartu euren etxean jakiteak lasaitu ederra emango liguke bidenabar.

– Ados Badaezpada. Eta zuk arropa eskegitzean badaezpada eta bidenabar, arreta ipini zenezake auzokoengan. Bazkaltzeko garaian euren txakurra aske laga ohi dute eta kaka egiten du gure etxeko lorategian.

– Adio Badaezpada, ekarri musu bat.
– Adio Bidenabar, tori nirea.

Badaezpada-k bi musu hartu ditu, pota masail batean eta musua bestean. Badaezpada lagun badaezpadakoa da, hagitz prestua, bera ere bi eman dizkio, musua batean eta pota bestean. Bidenabar ez da zabarra, bide batez errana.

Hazila Enkaxka!

(Hendaia, apirilaren 1a)

Oharra: Borderline Fabrika Hendaiako ekimena da. HaziGazia fanzinea publikatzen dute, besteak beste. Maiatzean 7. zenbakia zabaldu zuten La rutina / Errutina / Ohikeria / Routine  lemapean.

Hazila Enkaxka goitizeneko lagun batek helarazi dit testu hau, berant antza, edo ahantzia nonbait!

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07