blogak

Jalgi hadi plazara

Lujanbiok eta Agirretxek Radio Euskadin euskaraz egingo balute, zer?

Argazkian Galder Perez eta Alberto Irazu.

Argazkian Galder Perez eta Alberto Irazu.

Guk dakigula ez dute halakorik egin, baina Alberto Irazu kazetariak euskaraz egin du elkarrizketa zuzenean Radio Euskadin, ia 20 minutuko esperimentua.

Galder Pérez da “Graffiti” saioko aurkezlea eta hark galderak gaztelaniaz egin zizkion (urtarrilaren 17an, audioa lotura honetan daukazue). Irazuk erantzunak euskaraz eta ondoren Pérezek laburpen motzak gaztelaniaz. Ia 20 minutuko elkarrizketan informazio errepikatze laburrek ez zuten hizketaldia astuna egin. Euskara ulertzen ez dutenen edo erdizka ulertzen dutenen belarrietara ez dakigu nola iritsiko zen.

Kontua da Alberto Irazuk “Rocka puntua!” liburuaz hitz egin behar zuela eta euskarari eusteko koherentzia ardatz hartuta Pérezi eskatu ziola elkarrizketa euskaraz egitea. Irazuren ustez, bi arrazoigatik egin zen elkarrizketa euskaraz, batetik, berak euskaraz egin nahi zuelako eta hori lortzeko ahalegina egoskor egin duelako, eta bestetik, irratsaioaren buruak elkarrizketa elebiduna egiteko zirrikitua aurkitu zuelako. Ziurrenik, Pérezek irratian ardura gehiago duenarekin ere hitz egingo zuen.

Ez da kasualitatea Alberto Irazu “Rocka puntua!” liburuaren egileak horrela jokatzea. Donostiako Egia auzoan bizi da eta “Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako” ekimenaren bultzatzaileetako bat izan zen. Ekimenaren helburu nagusia euskaldunak euskarari eustea zen, alegia, ahal den pertsona gehienekin eta egoera gehienetan euskaraz egitea, baita horretarako elkarrizketa elebidunak mantendu behar badira ere.

Irazuk berak eskaini digu artikulu labur honen izenburua. Berak zalantzarik ez dauka esperimentuak eginez, probatuz, baino ez zaiola euskarari bidea irekiko erdaraz ari diren eremuetan eta bere buruari galdera egiten dio: “Zer gertatuko litzateke Maialen Lujanbio bat edo Imanol Agirretxe bat Radio Euskadin elkarrizketa euskaraz egiten hasiko balira?”. Alegia, zein eragin izango luke pertsonaia publikoek euskarari helduko baliote erdarazko hedabideetan?

Ez dakigu Irazurena zenbateraino izan den esperimentua, halakorik izan den lehenago irratian edo telebistan. Alderantzizko elkarrizketa elebidunaren berri Irazuk berak eman digu. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari ohi Milek Irizarrek gaztelaniaz erantzun zituen (lotura honetan elkarrizketa osoa) euskara ikasten ari den Dani Álvarez aurkezlearen galderak irrati kate berean.

Bitxia da, batzuk gaztelaniazko irrati kate publikoan euskarari bidea irekitzen saiatzen ari dira eta bitartean ETB2n kazetariak euskaldun petoei gaztelaniaz egiteko eskaka.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07