blogak

Irinmodo (1307-2017)

ETXEZ ETXEKO DEBOZIOZKO IRUDIAK

Egia esan nahi bada, oraingo ohitura hau desagertzear dagoenetako bat da. Garai batean, erlijioak gaur duen baino ospe handiagoa zeukan garaikoa da ohitura bera, eta gaur, ostera, erdi fosilak dira etxez etxe, baserriz baserri ibiltzen diren deboziozko zaindarien irudiak, eta laster batean galduko direnak. Gure gurasoek maitasunez eta errespetuz zaintzen zituztenak baziren ere, gaur, herriko hainbat auzotako azken bezeroen etxeetan soilik mantentzen da bizirik usadio hau.

Hiru izan dira Antzuolan etxez etxe ibili diren irudiak: Arantzazuko Amabirjina, Berriotxoako Balentin eta Milagrosia amabirjina.

Hilabete gehienez edo hamabost bat gutxienez  egoten dira gutxi gora behera etxe bakoitzean, bai etxeko sukaldean edo egon gelan. Bukaeran, otoitzaldi edo errezua eginez, limosnatxo bat sartzen da zaindariaren kutxatxoan. Ondoren, etxeko andreak irudia hartu eta zerrendan tokatzen zaionari eramaten dio irudia, eta horrela berriro bueltan etorri arte.

Batzuetan istriputxoak ere egoten dira, eta kristala apurtu edota barruko irudiak (igeltsezkoak dira) printzatu egiten dira; baita diru kutxaren zerraila ere hondatu!

Auzo bakoitzak dauka bere irudi propioa, eta txandaka auzotarren artean banatzen da. Ondoren, euretako batek, bueltan etortzen zaionean, eta giltza daukanez, batzen du  dirua ondoren parrokiara eramateko.

Basilik dioskunez 380 bat euro batzen dira urtero sistema honen bidez.

Beraz, oraindik ikusten badugu emakumeren bat kutxatxo susmagarri batekin etxeren bateko atea joten, lasai, ziur Arantzazuko Ama, Berriotxoako Balentin edo Milagrosia dela, etxez aldatzen!!!


BERRIOTXOAKO BALENTIN

 BERRIOTXOAKO BALENTIN ETA ALDE BATERA ETA BESTEA OTOITZALDIA EDO ERREZUA EGITEKO TESTUA EUSKARAZ ETA GAZTELERAZ.


 AZPIAN IKUS DAITEKE DIRUA SARTZEKO TOKIA


ARANTZAZUKO AMABIRJINA

 
ONDARRA, IBARRONDO ETA KALEGOI AUZOAN IBILTZEN ZIREN/DIREN ETXEAK.  AUZO BAKOITZAK BERE ZERRENDA DU.
GILTZAK DIRU KUTXATIK KENTZEKO
 
 LA MILAGROSA EDO MILAGROSIA


"La Milagrosa" edo "Milagrosia" Kalebarrengo hamazazpi etxeetan dabilen irudia da. Egia esateko, oso kutxa landua dauka Milagrosia irudiak, eta itxuraz ondo mantentzen da. Arantxa Artolazabalek dioskun bezala betidanik ezagutu du berak etxean irudia, bere gurasoek ere hartzen omen zutelako. Hala ere, ez da bere etorkizunaz oso baikorra, eta urte ez askoren barruan ohitura hau galtzeko arriskuan ikusten du.



Eskerrik asko Maria Dolores Arbuluri eta Arantxa Artolazabali argazkiak ateratzeko emandako erraztasunagatik, eta Basilio Ormazabali bere informazioarengatik ere.




jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07