blogak

Hitzartzen

MEMORIAN GORDETZEKOAK

Egindakoari begiratu, egindakoa balioan jarri eta ikasitakoa identifikatzea tokatzen zaigu Euskaraldia bukatu den honetan. Eta intentzioz egin dezakegu, arretaz, mimoz, gozatuz eta partekatuz.

Memoria eraiki behar dugu, konpartitua eta pertsonala. Filosofia eskolastikoaren arabera, zerbait gauzatzeko edo eragiteko arimaren gaitasunetako bat da memoria. Memoria batzuk bat-batekoak dira, joan-etorrikoak; besteak, ikasitakoak, abileziak, nabigatzen laguntzen diguten horiek. Eta nabigatzen lagunduko diguten horiek jasotzen saiatu beharko genuke egunotan.

Euskaraldian praktikatutakoa denboran eusteko, egonkortzeko, errepikatu egin behar dugu, 12. egun honetatik aurrera ere eutsi egin behar diogu. Esperientziak aldatuko digu emozioa, baita galdera egokiak egiteak ere. Beste modu batera esanda, enfokatuko dugun hori handitu egin dezakegu, eta jarrerak, ekintzak eta sinesmenak aldatu ahal izango ditugu. Nolako hiztuna naiz? Nolakoa izan naiteke? Nolakoa izan nahi dut? Nola egingo dut? Egiten dudan zerk lagunduko dit? Zer aldatu dut euskara gehiago erabiltzeko? Nola egin dut? Zein da eraikitzen hasi naizen estilo propioa?

Memoriaren nolakotasuna aldatu egiten da gogoratzen dugunean edo gogoratutakoaz hausnartzen dugunean; gure historia, tarteka, eraiki egiten dugu. Hortaz, memorian landatu nahi ditugun haziei, handitzen ikusi nahi ditugunei, egin behar diegu lekua.  Zein historia eraiki nahi dugu hamaika egun hauetan ikasitakoaz? Zer gogoratu nahi dugu? Zer gure taldean, zer nire baitan?

Euskaraldiak pentsamoldea, emozioa eta egiteko modu berriak praktikatzeko aukera eskaini digu; inertziak eta aurreiritziak apurtu eta baliogarriak zaizkigun portaerak eraikitzeko aukera eman. Buztina lantzen den bezala moldatu dugu gure portaera; buztina bezala, beraz, gogortasuna barrutik eta kanpotik har dezan, mantendu egin behar dugu, labetik pasa eta sendotzen dela sentitu.

Jarri arreta memorian gorde eta handitu nahi dugun mezuan, izan presente ikasi eta garatutako moduak eta izan konstante berezko ezaugarriak izatera irits daitezen.

Zalantza iristen denean euskarara etortzen lagundu esan baino, saia gaitezen nola egiten dugun gogoratzen.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07