blogak

Hezkidetzan esku hartzen

TRATU ONAK SUSTATU, KALITATEZKO ELKARBIZITZA GARATU

Gizarteari erreparatuz, oraindik ere berdintasuna lortzeko bide luze dagoela ikus daiteke eta bide horretan aurrera egiteko eta guztion elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa sustatzeko, ezinbestekoak izango dira elkarrekiko eta norberarekiko tratu onak.

Harreman on horien alde egiteko, lehenik eta behin, estereotipoei uko egin beharko diegu, bake eta indarkeria-eza kulturan oinarrituz. Garrantzitsua izango da, gure inguruari genero ikuspegiaren bidez begiratzea eta hezkuntza hezkidetzailea sustatzea. Batez ere, ikasleekin, harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten lagundu behar diegu, harreman positiboak bultzatuz eta guztiei eroso sentiaraziz. Izan ere, Gipuzkoako Hitzan Olaia Iraolak aipatu bezala “ikaslea gustura badago, eman dezakeen guztia emango du arlo guztietan”.

Hori honela izanik, garrantzitsua izango da, gizartea gai honen inguruan sentsibilizatzea, bertan ematen diren ezberdintasun nabarmenak azaleratuz eta horiei aurre egiteko guztiek erantzukizun bera hartuz. Honen harira, gai honekin lotutako ideia garrantzitsuenekin ondorengo gurutzegrama sortu ahal izan dut. Ea gogoko duzuen.


Iazko ikastaro-kideen sarreretatik, gaurkoan Maiterena gomendatzea gustatuko litzaidake; gaiaren inguruan eginiko hausnarketa asko gustatu baitzait. Abiapuntu bezala proposatu dituen Pilar Aguilarren bi artikuluak (“Rompiendo las olas”. O cómo,debajo de la espuma del “amor”, anida el sadismo eta Pregunta tonta ¿Se puede ser feminista y llevar tacones?) interesgarriak iruditu zaizkit, bai eta baliabide modura partekatu duen ondorengo laburmetrai bitxi hau ere.


Bideo honetaz gain, sarean arakatzen nenbilela ondorengo bi gidekin egin dut topo. Tratu onen eta maitasun zintzoaren gaiak ikasleekin lantzeko aproposak iruditu zaizkit.
  • Amodio zintzoen gida: Nafarroako Gazte Kontseiluak sortutakoa. Gazteen ezkongai-harremanetan genero-indarkeriari aurre hartzeko eta tratu onak sustatzeko gida da.
  • Tratu onak: STEE-EILAS-ek tratu onekin lotuta eta indarkeria sexistaren prebentziorako sortutako unitate didaktikoa. Autoestimua, berdintasuna, komunikazioa, ausardia, errespetua… lantzen dira bertan.

Harreman onekin lotuta, azken asteetan aipatu dugun maitasun erromantikoaren gaia ikasgelara eramatea ere ezinbestekoa dela uste dut, gizartean patriarkatuak sustatu duen ereduarekin amaitu ahal izateko eta bestelako maitasun eredu osasuntsuen bila ikuspegiak zabaltzeko. Horretarako, hausnarketarako abiapuntu modura, ondorengo bideo hau aproposa izan daiteke.


Horretaz gain, betiere elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa lortu ahal izateko, elkarrekiko eta norberarekiko errespetuak duen garrantzia irakatsi behar dugu. Dominazio-menekotasun paradigmaren erreprodukzioa gaindituz eta aurretik aipatu bezala, bake eta indarkeria-ezaren kulturan oinarrituz, guztion ongizatearen alde egin ahal izateko.


Azkenik amaitzeko, honako hauek dira nire ustez, guztia hau eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronketako batzuk:
  • Ikas komunitateko kide guztien ongizatea bermatzeko, kalitatezko elkarbizitza eta tratu onak sustatzea.
  • Ikasle zein ikastetxeko profesionalekin autoezagutza eta autoestimua lantzea, norberaren eta ingurukoen zaintza eta babesaren garrantzia ere azpimarratuz.
  • Zaintzari balio positiboa ematea eta txiki-txikitatik ikasleekin erantzukizuna berdintasunean garatzearen alde egitea.
  • Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea, konfiantza transmitituz eta ikasten lagunduz.
  • Gizartea denboraren banaketa ekitatiboaren eta emakumeei lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak eraginiko zamaren inguruan sentsibilizatzea, guztion lankidetza sustatuz.
  • Maitasun erromantikoaren ideologia deseraikitzea eta maitasun osasuntsuaren aldeko lanketa egitea, elkarri maitatzeko modu askeak eta desberdinak daudela erakutsiz.
  • Bake eta indarkeria-eza kultura sustatzea, guztion ongizatearen alde egiteko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07