blogak

Hezkidetzan esku hartzen

NIK ERE PROTAGONISTA IZAN NAHI DUT!

Historiari erreparatu besterik ez dago emakumeen presentzia betidanik ezkutu zamarrean mantendu izan den zerbait dela konturatzeko. Harrituta geratu naiz irakurgaia irakurtzen ari nintzen bitartean, historian zehar esanguratsuak diren emakume horien guztien izenak ikustean. Izan ere, nahiz eta eskolan hainbat pertsona garrantzitsuen ekarpenak ikasi ohi ditugun, emakume hauetako gehienen izenak ezezagunak egin zaizkit.

Carlo Magno, Diego Velazquez, Isaac Newton, Cristobal Colón edota Gustavo Adolfo Becker bezalako izenak zeharo ezagunak egiten zaizkigu guztioi, eskolako liburuetan behin eta berriz ikusi ahal izan baititugu. Baina, Isabelle Stengers nor den galdetuz gero, zenbat pertsona izango lirateke kapazak erantzun egokia emateko? Edo Ana Lovelace?

Honekin, argi eta garbi ikus daiteke emakumeek, gizonek bezalaxe, hainbat ekarpen egin dituztela historian zehar; baina, patriarkatuak ekarpen hauek ezkutatzeko egin dituen ahaleginak ere ugariak izan dira. Testuan irakurri ahal izan dudan esaldi honek, orain arte esandako guztia modu ezin hobean laburtzen duela esango nuke:

Gertatu dena da emakumeen lana, pentsamenduak eta gustuak ikusezin bihurtu dituztela.


       Aurreko edizioetako sarrerei begiradatxo bat botatzen jardun ostean, Miren Arabururen hau aipatuko nuke. Alde batetik, Mirenek aipatutako testu hau irakurtzera animatzen zaituztet, neuri asko gustatu baitzait:

Nola ahal zuten, gure aintzinako aitonek, hain era dotorean margotu? Nola ahal izan zituzten, basapiztien aurka esku hutsez borrokatzen ziren astapotro haiek, hain irudi airosoak sortu? Nola ahal izan zituzten haitzetatik ihesi airean doazen marra hegalariok marrazterik? Nola ahal izan zuten… ? Ala amonak ziren?

       Bestalde, bere sarreran aurki genezaken bideoak errealitatea oso ongi irudikatzen duela iruditu zait. 




       Bideo honetan, hainbat ikasleei historiako asmatzaileen izenak esan ditzaten eskatzen zaie. Eskakizun horren aurrean, neskatoek asmatzaile ezberdinen zerrenda luzea egiten dute; baina, zein da arazoa? GUZTIAK gizonezkoak direla. Emakume asmatzailerik ezagutzen duten galdetutakoan, “mmmm… ez”, “galdera zaila” eta “eskolan beti gizonezkoak diren asmatzaileak ikusi ditugu” bezalako erantzunekin aurkitzen gara.

       Tristea den arren, errealitatea honelakoxea da. Ekarpena asko, emakume esanguratsu asko… baina, honen inguruko jakintza gutxi. Horri aurre egiteko asmoz, euskal irakaskuntzan aitzindaria izan zen Elbira Zipitriari buruz hitz egingo dizuet hurrengo lerroetan. Emakume hau duela urte gutxi batzuk ezagutu nuen, magisteritzako fakultatearen alboan, bere izena daraman eraikina sortu zutenean.

                                      




“Ez dizut erakutsiko zuretzat soilik,
baizik eta Euskal Herrian zabaltzeko
niregandik ikasi duzuna”






      
       Elbira Zipitriak errepublika garaian bere lehen ikastola sortu zuen, Donostiako Alde Zaharreko Ikatz Kalean. 1936ko gerraren eta Francoren altxamenduaren ondorioz, atzerrira joan beharra izan zuen. Donostiara itzuli zenean, ordea, gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, beste ikastola bat martxan jarriz.

       Euskara eta pedagogia berritzaileak ardatz hartuta, ondoren etorriko ziren ikastolen sustraiak errotu zituen Elbirak eta neska eta mutilen arteko berdintasuna ikasgeletan praktikara eramaten tematu zen. Oso irakaskuntza metodo aurrerakoiak erabili zituen, bereziki garai hartako eskolekin alderatuta.

       Gainera, helduei euskara irakatsi ahal izateko gau eskolak antolatu zituen, batez ere, euskaldun zaharrak alfabetatzeko asmoz. Euskararen irakaskuntzan ere ekarpena egin zuen Elbirak, zehazki euskal aditza irakasteko moduan; izan ere, lehendabizikoz hasi zen “nor-nori-nork” paradigma hitz horiekin erabiltzen.


Ildo honetan, hementxe uzten dizuet Euskal Irratian Maider Oleaga zinema zuzendariari eginiko elkarrizketa, Elbira Zipitriaren dokumentalaren egileari.

Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan eta jendartean lantzeko erronken artean, honako hauek aipatuko nituzke:

- Historian zehar emakumeek izandako presentzia aztertu eta bere garrantzia azpimarratu.

-Emakumeen presentzia hori ezagutaraztera ematea ezinbestekoa den ideia helarazi.

-Emakumeen ekarpenak baloratuak ez izanaren arrazoiak aztertu, gizarte patriarkalak duen                  erruaz jabetu.

-Hezkuntza arloan erabiltzen diren materialetan emakumeen presentzia hori bermatzea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2017
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07