blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Lagun birtualok, laster arte! Plazera neurea!


Udazkeneko hostoen erortzean, ihes egiten utzi genien gure barnean genituen hainbat ideia kutsakorrei. Neguan, aldiz, kanpoko ekaitzarekin batera, ikaragarrizko ideia-ekaitza jasan beharra izan dugu; hau, hori hura, hamaika ideia josi eta hausnarketarako denbora eman digu neguak, luze joan baita. Baina udaberriaren iritsierarekin batera, gu ere loratu gara. Gure lanketak eman du bere fruitua, udazken eta negu gogorren ondoren,  gure buruak, gorputzak eta azalak ez dute  kolore bera, ez dute janzkera bera.  Betaurreko moreak janzteak, konbinaketa ezberdinaren beharra ekarri baitzigun.

Azken hilabeteetan ikaskuntza esanguratsua jaso dut, banituen hezkidetzaren inguruan hainbat ideia barneratuta, baina askoz gehiago ikasteko eta argitzeko baliagarria izan zait. Nire inguruan eragiteko ausardia ere irabazi dut, eta hori izan da garrantzitsuena.  Hori horrela, ingurukoek ere izan dute ikastaroaren berri, nire ideien berri, eta hamaika eratako erantzunak jaso behar izan ditut: nirekin bat egiten zuten pertsonak aurkitu ditut (emakume zein gizonak), betaurreko moreak jantzi nahi ez dituztenak ere aurkitu ditut (emakume zein gizonak), beraz, elkarbizitza aberasgarria bizitzeko aukera eman dit ikastaroak.
Hilabete guzti hauetako ibilbidearen ondoren kanta hauxe aukeratuko nuke: KOLORE KOLORE (Mixel Ducau eta Zaldibobo)

“Kolore kolore ta gustu guztiak,
Denontzat denontzat ez dira berdinak.
Urdina, zuk nahi duzu urdina,
Nik maiteago horia,
Bien artean berdea sortuko da.
Ezkerra eskuina, gibel edo aitzina
Bakoitzak bere bidea, berarentzat onena!
Kolore kolore ta gustu guztiak
Denontzat denontzat ez dira berdinak
….mundua gaizki egina da!”

Guztiok ezberdinak garela dio kantak, bakoitza den bezalakoa dela eta nork bere gustuak dituela. Eta nahasketetatik aukera berriak sortzen direla, elkarbizitzarekin bezala. Bikain borobiltzen du nork bere bidea egin behar duela esatean, nork bere buruarentzako egokiena dena!

Horrez gain bigarren kanta hau ere aukeratu dut, NIRE GORPUTZA DA_Kantu kolore:


Ea gustuko duzuen, entzun eta gozatu!

Ikastaro-kideak izan dira gure eguneroko bidaide, baina jakin badakigu aisialdian gur jarraitzaile izan zaretenok ere asko zaretela. Asko zarete hezkidetzaren munduan ikertzen zabiltzatenak, hamaika zarete hezkidetza helburu gizartean eragin nahi duzuenak, beraz aurrera,  zenbat eta gehiago izan orduan eta errazagoa egingo zaigu bide, elkartuta beti ere indartuta!

Plazera izan da elkarbizitza birtuala! Ongi segi kuadrilla!

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07