blogak

Hezkidetzan esku hartzen

KALITATEZKO HARREMAN POSITIBOAK SUSTATUZ


Gehientsuenoi, “harreman” kontzeptua entzuten dugunean, kanpokoekin dugun hartu-emana etortzen zaigu burura. Baina, askotan, ez dugu kontutan izaten norbanakoaren harreman-dimentsioak honen gain duen garrantziaz.

Norberak bere buruarekin harreman ona izan dezan, autoezagutza eta autokontzeptua lantzea beharrezkoa da. Honek, geure burua onartzea eta berarekin ongi sentitzea ahalbidetuko du. Nola izango ditugu gainerakoekin erlazio positiboak, geure buruarekin izan ezin baditugu?
Gainerakoekin sortzen ditugun harremanak positiboak izan daitezen, saiakerak egitea ezinbestekoa da. Ikaslearentzat ikastetxea eta, batez ere ikasgela, bere gizarte txiki bihurtu dira, hor landuko baititu bere gaitasunen garapena, trebetasun sozialak eta parte hartzeko eta besteekiko errespetuzko balioak. Hori dela eta, hezitzaileok hezkuntza testuinguruko elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa izan dadin lortu behar dugu; hala nola, “Harremonak” bezalako proiektuen bitartez.

Proiektu honen zuzendaria den Asier Bagliettorenhitzetan prebentzio lana badago, baina ikasleei beraien lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean “zein dira zuen premiak?”... beraiek obeditzen ikasten dute, eta barneratzen duten mezua da “handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut”. Orduan, programa eta planen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu. Era berean, adabaki horiek oso beharrezkoak dira.”
Ikastetxean bizikidetza lantzeko eta giro egoki bat lortzeko, gatazken ebazpenean eta bake kulturan oinarritzen den hezkuntza landu beharko litzateke. Horrek, eskolan aldaketa sistemiko bat sortuko luke, eta ez soilik aldaketa kurrikular bat. Eskola testuinguruko indibiduo guztion arteko tratu onak bermatzea premiazkoa litzateke, ikasleek harremanak era parekide batean eraiki ahal izateko.

Tratu onen barruan, maitasunezko tratu onak aurki ditzakegu. “Maitasun erromantikoa” kontzeptu positibotzat hartu ohi dugu, baina, ez gara konturatzen maitasun erromantikoaren inguruan mito faltsu asko daudela eta horiek desikasi egin behar ditugula.
Iazko edizioetako sarrerei begiradatxo bat bota ostean, Usoarena irakurtzera animatuko nizueke. Oso interesgarriak iruditu zaizkit “Golden programa”ren nondik norakoak eta harremanen inguruan mintzatzen den Ernaik eginiko bideo hau:
Hauetaz gain, hurrengo lerroetan uzten dizkizuet ikasleekin lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideak:

- Steilasek plazaraturiko unitate didaktikoen bilduma

- Harremanen gaia gelan lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideak

- Nafarroako gobernuak sortutako “Bizikidetza positiboaberdinen arteko jazarpenaren eta tratu txarren aurrean” izeneko unitate didaktikoa

Amaitzeko, hau guztia hezkuntzan edota jendartean lantzeko erronka nagusietako batzuk hauek izango liratekeela esango nuke:

- Ikasleen autoezagutza eta autokontzeptua lantzea, nork bere buruarekin gustura senti dadin lortuz.
- Eskola komunitate osoa tratu onen inguruan sentsibilizatu eta honen inguruko lanketa sustatu.
- Maitasun erromantikoaren mitoak deseraikitzea.
- Guztien arteko harremanak positiboak eta kalitatezkoak izateko ahaleginak egitea.
- Zaintza emakumeen ardura ez dela ikustaraztea, berdintasunezko bizikidetza bat bultzatzearren.
- Gainerakoekiko errespetua bermatzea.



Gurutzegramaren soluzioa:

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07