blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Indarkeria matxistaren sostenguak


Indarkeria matxista puri purian dagoen errealitate jasangaitza da. Hamaika izen-abizen edo izendatzeko modu izan ditu urteetan zehar, eta azkenaldian, kontzeptu honetan zentratzea aldarrikatu izan da mugimendu feministatik. Zer eta, indarkeria mota honek nonbaiten iturria badu, matxismoadelako etengabeko pozoi-emaria ziurtatzen duen fenomenoa.

Emakumeari ez ezik, maskulinitate hegemoniko ereduaren parte ez den gizaki orori eragiten dion biolentzia estrukturala da. Eta egoera honen aurrean bi estrategia nagusitzen dira orokorrean: maskulinitate berrien ezagupena zein hedapena, batetik; eta autodefentsa feminista bere marko guztietan, bestetik. Ibilbide estrategiko honekin bat egiten dut nik ere, eta funtsezkoa deritzot bide horretan ondoko esparruei aurre egin eta deseraikitzea: maitasun erromantikoa, mikromatxismoen multzoa eta LGTBIQ+fobiak pilare oso boteretsuak baitira sistema heteropatriarkal hau sostengatzeko.
Baina zer da maitasuna?Zer ez da? Ez al da oso garrantzitsua lagunen maitasuna? Eta beste maitasun motak? Zeintzuk izan litezke maitasun-eredu berriak? Galdera sorta honek niri ere zer pentsatua ematen dit. Elkarrekiko ardura eta zaintza oinarri duten harremanak izatea aldarrikatzen da feminismoan, eta sinplea bezain esanguratsua iruditzen zait, horretarako, oinarrizko abiapuntu hau: zerbait konpartitzean, garrantzi bereko mailan jartzea, hain zuzen.

Mikromatxismoakinguraturik bizi gara, errutina eta egoera normalizatutan igerian. Gehienetan oharkabean pasatzen zaizkigun indarkeria sotil eta ikusezin horietaz ari gara kontzeptu hau darabilgunean. Ondoko bideo hauetan islatzen dira egoera batzuk. Baina izebergaere lagungarri izan daiteke adibide txikienak ulertzeko.

LGTBIQ+fobiak,berriz, heteronormatiboak ez direnenganako ezinkusia, arbuioa, gorrotoa edo beldurra izateari deritzo, eta sentimendu hori patologikoa izan daitekeela aipatzen da irakurgaian. Heteronormatibitatearen ondorioz edozein pertsonak barneratuta izan dezakeen pentsamendu eta jarrera litzateke. Patriarkatuak esleituriko sexu edo generoari ez erantzuteagatik edota orientazio sexualagatik jasotako espresio larriak zein txikiak.

Maskulinitate eredu berriakbilatzen, sustatzen eta hedatzen saiatzen diren gizon taldeak ere aspaldi jarri ziren martxan. Ez dira horren ohikoak, baina feminismoarekiko hurbiltasuna eta sentsibilizazioaz gain, konpromisoa hartu nahi duen gizona antolatzen ari dela iruditzen zait. Kritikak egiten bazaizkie ere, eta maiz, hankasartze eta kontraesanekin aritzen badira ere, ezinbestekoak iruditzen zaizkit niri, euren ekinbidez sortutako askatze prozesu hauek. Egia da, ordea, oso kontuan hartu behar dutela euren emozioak adierazteko, umeak zaintzeko edota sexualitate desberdina esploratzeko prest dauden bezala, beraien estatusa, ospea, boterea … uzteko prest egon behar dutela. Alegia, ez dela posible sexismoak eragindako desorekarekin apurtzea, gizonek boterea galdu barik.

Bestalde, gogoan izan behar dugu autodefentsa, arlo fisikotik haratago doan zerbait dela: jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen dira, besteak beste. Eta garrantzitsua iruditzen zait dimentsio pertsonala eta kolektiboabarneratzea prozesu honetan.


Iazko postakbegiratu eta zenbait baliabide eta hausnarketa interesgarri topatu ditut argitaratutako idatzien artean. Hala ere, Amaia Chuecaren hauxehautatu dut, batez ere, baliabide pila erantsi dizkiolako bere gogoetari. Material esanguratsua dela iruditu zait, eta kaxoitik ateratzeaz gain, egunerokoan lagunartean zein ikasleekin lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideak hurbildu dizkigu. Hauek eta beste batzuk dituzue jarraian:

- Matxismoaren inguruan aritu ziren UR HANDITAN saioan

- Pamela Palencianoren NO SOLO DUELEN LOS GOLPES ere itzela iruditzen zait. Bere monologoa ikusteko aukera baduzue, zuzenean joatea eta ondorengo hausnarketan parte hartzea oso gomendagarria da indarkeria matxistaren milaka aurpegiz ohartzeko. Baita norberak bere barnean dituen zapalduaren eta zapaltzailearen rolez jabetzeko ere. 



- Maitasun erromantikoaren harira Ernai Gazte Antolakundeak baditu hainbat ekimen martxan. Elkarrizketa eta bideo labur ugari egin izan ditu MIKROMATXISMOAK eta egun indarrean dugun politika egiteko modu heteropatriarkala salatzeko egindako erreportaia zein elkarrizketak. Horietako batek azken hau jartzen du eztabaidan:


Leloren bat hautatzerakoan asko etor daitezke burura. Nik Uluka musika taldeak sortutako abesti baten letra hartu eta estribilloaren mezu nagusia ekarri nahi izan dut proposamen gisa ikasleekin lantzeko. 

Maitasun erromantikoaren gaia jorratzen du abesti honek, eta maitasuna modu osasuntsuan bizitzeko gonbita luzatzen dio entzuleari: laranja erdiaren mitoa kolokan jarriz, ezezkoak ematera gonbidatuz, mamuak eta beldurrak alde batera uzteko indarra emanez, hortzak atera eta gaizki sentiarazten zaituen pertsonarekin harremanak etetera animatuz... 

Abesti honen letra lantzearekin batera, hausnarketa egiteko galdetegia osatuko dugu talde txikitan erantzun eta hausnartu dezaten. 10-16 urte arteko gaztetxo zein gazteekin lantzeko aproposa izan daiteke... baita helduagoekin ere. Maitasuna eurak nola bizi duten behatu, entzun eta ulertzeko aukera paregabea izan daiteke hau. Eta horrez gain, maitasun erromantikoaren mito ankerrak deusezten laguntzeko eta euren sentimenduak modu askean adierazi eta bizitzeko bidean makinariak martxan jartzeko baliagarria izan daiteke. 

Edozein tutoretza saio izan daiteke gai hau jorratzeko momentua. Otsailaren 14aren aitzakiapean, edo beste edozein data testuingurutan erabili daiteke. Batzuetan, ikasle taldean ematen diren egoerek ere erakus diezagukete noiz den gaia lantzeko une eta modu aproposena.


Azkenik, argi dago HEZKIDETZAKO HELMUGA dela, besteak beste, beldurrik gabe bizitzeko eskubidea eta indarkeriarik gabeko jendartea sortzea. Bide honetan buru belarri aritzeko justifikazio askorik ez da behar:
  • gure buruak maitatu, errespetatu eta lehentasunezko maila berean kokatzea. Norbera maitatu lehenik, ondokoa maitatu ahal izateko.
  • indarkeria martxistaren kontzientzia hartzea eta gure egunerokoan duen eragin baldintzatzailearen dimentsioaz jabetzea, esku hartu ahal izateko.
  • estrategia legitimo eta ezinbesteko gisa autodefentsa -fisiko, emozional...- sustatzea eremu profesional eta pertsonalean garatzeko.
  • norberetik hasi,  interes kolektiboen aldeko apustua egiteko.
  • gure eremua aztertu eta eskuhartzeako tresnak eskuratzea, inguruan eragiteko,
  • beldurretik aske bizitzeko erramintak eskuratu eta zabaltzea, emakumeon artean konpartitzea...
  • autoestimua eta burujabetasuna izateko lan egitea.
  • emakumeon arteko elkartasuna, enpatia eta konplizitatea indartzeko.
  • indarkeria matxista identifikatu eta salatzeko jakintza nahikoa izateko.
  • mekanismoak ezagutu eta jorratzea, beldurrari aurre egiteko 
  • ...

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07