blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Indarkeria matxista arazo politikoa da

Indarkeria matxista jendartean egunerokoan eta edonon, pairatzen den errealitate gordina da. Feminismoak indarkeriaren egiturazko kausak zehazten dituen terminologia egokia bilatu eta eztabaidatu ondoren, indarkeria matxista terminoaren erabilera bultzatzen du. Izan ere, ahalik eta garbien  azaldu nahi da matxismoa oinarrian duela eta gizonak  eragile zuzenak direla emakumeenganako indarkeria honetan. Baina indarkeria matxista ez da emakume batzuen banakako arazoa ez emakume guztiena, jendarte osoarena baizik. Indarkeria matxista arazo politikoa da.
 
Menderatzaileek, alegia, gizaki arrek, beraien figuratik eta begiradatik erabiltzen duten indarkeria da. Baina emakumeak ezezik, "emakumeak menderatzen dituen gizon" izateko arautik ateratzen diren gizon guztiak ere arriskuan daude. Hortaz, emakumeen "ezaugarriak" erakusten dituen edozein pertsona indarkeria matxistaren objektua izan daiteke, hala nola, maskulinitate hegemoniko ereduari jarraitzen ez dioten gizonek, agindu heterosexual normatiboa betetzen ez duen edonork, edota sexu zein genero dikotomiak zalantzan jartzen dituzten pertsonek ere. 
Honen aurrean, begira zabaldu beharra dago eta indarkeria matxistarik gabeko jendartea sustatzeko bi lan ildo nagusi proposatzen dira feminismotik: Maskulinitate berrien ezagupena eta autodefentsa feminista. 

 
Maskulinitate hegemonikoa, gizonek gizartean boterea eta agintea edukitzea ahalbidetzen duen gizontasun eredua da, pribilegioak justifikatzen dituen eredua, posizio hegemonikoa lortu duena, talde fenomenoa baina banakakoan gorpuzten dena, balio, sinesmen, jarrera, mito eta jokabide jakin batzuetan oinarritua dena eta oinarrian, gainontzekoei sinetsarazi beharko diena, ez dela emakumea, ez dela haurra eta ez dela homosexuala. 
Baina, eraikitako eredu hau, deseraiki daiteke eta maskulinitatea berdefinitzeaz ezezik pribilegioei uko egin beharraren aurrean aurkitzen dira maskulinitate berriak. Hortaz, egokia begitantzen zait euren ekinbidez sortutako askatze prozesu hau eta feminismoarekiko hurbiltasuna eta sentsibilizazioaz gain, konpromezua hartu nahi duen gizona antolatzea. Hala ere, eszeptiko xamarra naiz oraindik ere ideia honekin eta Federico Abreu Silveira-ren hitzak gogora ekarriz, pribilegioei uko egiteko prozesuanren konplexutasuna azpimarratu nahiko nuke; "Historian ez dago talde zapaltzaile bakar bat ere pribilegioei bere kabuz uko egin dienik. Horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feminista". Ildo beretik, agertzen da Jokin Aspiazu Carballo aipatzen duenean "Lehenago egingo die uko bere pribilegioe klase burgesak, gizonok baino".  Horregatik, maskulinitateari pribilegioetatik eta boteretik heltzea proposatzen du "Masculinidades y Feminismo" liburuan.
 
Autodefentsa feminista aldiz, emakumeeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa fisiko soila baino gehiago da, izan ere, jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen baitira. Gorputzaz nola jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta bakarka zein kolektiboki aurre egiteko moduak ere.
 
 
Gainera beldurrari beldurra nola galdu lantzea ezinbestekoa da, beldurrak generoa duelako. Emakumeak, beldurrean heziak gara eta sarritan kontziente izan barik mezu hori transmititzen jarraitzen da atzean duen mezu guztiarekin: ahula zara, ez zara gai zure burua babesteko, beste norbait edo Estatua beharko duzu. Emakumeengan beldurraren eta autokontrolaren iruditeria sortzen da, emakumeak kontrolpean mantenduz eta gizonei boterea emanez. Emakumeoi ez zaie errekonozitzen ez esateko eskubidea, amorrua estaltzen irakasten da eta oldarkortasuna ezkutatzen. Horregatik eta honi buelta eman asmoz, autodefentsa feminista funtsezkoa da.
 
Gauzak honela eta aurretik aipatutako lan ildo hauekin batera, funtsezkoa da ere bestelako esparru hauei aurre egitea, alegia, maitasun erromantikoaren mito eta ideologiaren deseraikuntza, mikromatxismoen identifikazioa eta hauek gainditzeko esku-hartzea burutzea eta LQTBIQ+fobiak bistaratzea eta aniztasunaren ereduak baloratu zein normalizatzea.
 
Maitasun erromantikoa,  sexismoa eta misoginia transmititzeko eta errotzeko sistema patriarkalak duen erreminta eraginkorra da. Emakumeen bizitzak ordenatzeko, lanaren aitorpen eza eta menpekotasunera lotzeko eta maitasun-zaintza musutruk egiteko egitura da.  Botere-harremanak eta indarkeria justifikatzen dituzten mezuak zabaltzeaz gain, gure identitate, estetika, harremanak, desirak arautzen ditu eta maitasun gorputz-subjektu  nor den eta nor ez den definitzeaz gain, noiz, nola eta norekin sentitu behar den arautzen duen diskurtso hegemonikoa ere bada. Gainera, maitasun erromantikoa, sistema kapitalistari sostengatzeko funtsezkoa zaio.
 
 
 
 

Horregatik, maitasuna berdefinitu eta birkokatzeko beharraren aurrean aurkitzen gara. Maitasunaz hitzegitean, zaintza oinarrian jarri behar dela iruditzen zait, alegia, Kattalin Minerrek, "Zer ez dugun nahi maitasunaz" artikuluan plazaratzen duen ideiaren zentzuarekin bat nator: "baina ez edozer pasata hor egongo naiz... Zaintza da, zerbait konpartitzean, garrantzi bereko mailan jartzea. Hor egotea. Besteak zaintzea, zu zaindu zaitzaten uztea da. Ahultasuna eta indarra erakustea, besteekiko maila berean, tokatzen denean". Horregatik, indarkeria matxisten aurka ikasleekin lantzeko leloan ideia hau berreskuratu nahi izan dut. Iruditzen zait maitasun erromantikoaren kritika gauzatzea ezinbestekoa dela, gure sentimendu eta emozioetan kokaturik dugun heteropatriarkatua landu beharra dugu, elkarbizitza eredu sozial berriak eraikiz, maitakorragoak diren harreman ereduak diseinatuz eta norbanakoen arteko borrokak emango ez diren harreman parekideak askatasunean sortuz. Horregatik, maitasun erromantikoaren mitoak deseraiki behar dira eta maitasunaz zer nahi/espero dugu baino, maitasunaz zer ez dugun nahi/espero lantzea garrantzitsua da. Modu honetan gainera, indarkeria matxista bistaratzeko bide emango da eta indarkeriazko jarrerak eta egoerak identifikatzeko aukera zabaldu. Horregatik, gazte nerabeekin lelo hau lantzeko aproposa iruditzen zait, baina helduagoak diren pertsonekin ere egokia dela deritzot, izan ere, maitasunaren inguruan gehiegi hausnartzen ez dela iruditzen zait, arrazionaltasunetik at dagoen fenomenoa bailitzan bezala irudikatzen baita iruditeri kolektiboan.
 
Hortaz, aurretik aipatutako honengatik guztiagatik, uste dut ez duela justifikazio askoz gehiegirik behar zeintzuk diren hau guztia eremu hezitzailean lantzeko arrazoiak, izan ere, indarkeriarik gabeko jendartea sortzea baita hezkidetzaren oinarrietako garrantzitsu bat. Hala ere, honakoak zerrendatzea iruditu zait aporposa:
 
- Autoestimua eta burujabetasuna izateko lan egitea
- Emakumeen arteko ahizpatasuna, elkartasuna, babesa, konplizitatea indartzea.
- Beldurretik aske bizitzeko tresnak eskuratzea
- Indarkeria matxista, identifikatu, salatu eta aurre egitea
- LGTBIQ+fobiak bistaratu eta aurre egin
- Erasoen identifikazioa landu, emozio eta sentipenei garrantzia emanez
- Fisikoki defendatzeko erremintak eskuratu bestelako estretegiak nahikoak ez direnean.
 
Gauzak honela eta aurreko urteetako ikastarokideek egindako post-en artean Amaia Chueca-ren "Maitatzen sehaskatik erakutsiz" izenekoa aukeratu dut, izan ere, ikasleekin gai hau lantzeko baliabide apropos ugari plazaratzen dituela irudditzen zait.
 
 

 
 
 

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07