blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Ikusi makusi, zer ikusi?


Wikipediaren arabera, “Ikusi makusi” haurrentzako igarkizun-joko bat da. Aurretik ikusi makusi esanez, haur batek bere inguruan ikusten duen gauza edo pertsona bati buruzko arrastoak edo igarkizunak ematen ditu behin eta berriz, igarkizuna asmatu behar duten beste haurrek aurretik aldi bakoitzean Zer ikusi? esaten dutelarik. Arrastoek gero eta argibide handiagoak ematen dituzte ezkutuko gauza edo pertsonari buruz. Ezkutuko gauza edo pertsonaren izena asmatzen duen lehenengoak irabazten du.

Historian zehar badago “zerbait” patriarkatuak ezkutuan mantendu duena, emakumeen ekarpenak, alegia. Beti bigarren mailan jokatu dugu eta oholtzan agertu garen bakoitzean, gizon ospetsu baten ondoan izan da, askotan emazte gisa. Historiaren eraikuntzan eta gizarteen garapenean ikusezinak izan gara.

Sexismo eta androzentrismoaren ondorioz, ezkutatze hori arlo edo eremu askotan eman da; literaturan, musikan, zientzian, e.a. Zientzian, beste askoren artean, emakume baten lana gizon batena izango balitz bezala agertu da eta hainbat arrazoi egon dira medio. Batzuetan, garai horretan eremu batzuetan aritzeko zuten debekua baina, beste batzuetan, bere lankideek (gizonak) “eraman” zutelako ospe guztia. Honen adibide argiak dira Marie Curie, Lise Meitner edota Mileva Maric. Azken hau bereziki gogoan dut. Mileva serbiar matematikaria izan zen baina askok Einsteinen lehenengo emaztea izateagatik ezagutzen dute. Izan ere, askorentzat Einstein genio bat izan zen, Erlatibitatearen teoria (“Teoría de la relatividad”) famatuaren aita. Baina hainbat iturrirenarabera, Einstein bera matxista bat zen eta bere emaztea iraintzeaz gain, obra famatu horren jabetza berea egin zuen, Milevaren tesiaren apropiazio hutsa zelarik.

Mileva Maric

STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) delako ikasketetan, bereziki, emakume erreferenteak falta dira. Hona hemen, gaiari lotutako hainbat artikulu:


Nire kasuan, energia sistemen hastapenei buruz ematen dudan ikasgaiean, emakumeen ekarpenak ikusarazten eta baloratzen saiatzen naiz. Adibidez, energia nuklearraren inguruan, aurretik aipatu ditudan 3 zientzialarien lana aitortzen dut. Badakit ez dela asko, baina apurka-apurka horrelako gauza “txikiak” inkorporatu behar ditugu.
Honen inguruan, bi “baliabide” gomendatu nahi nituzke. Alde batetik, Naukas proiektuan sortu duten “emakumezko zientzialarien taula periodikoa”, non elementu bat sakatzerakoan historiak ahaztutako emakumeren baten lanera eramaten zaituen. Eta bestetik, NASAn lan egitea lortu zuten 3 emakume afroamerikar eta matematikarien istorioa kontatzen duen “Figuras Ocultas” pelikula.




Zientzian ez ezik, literaturan ere zenbat liburu argitaratu dira gizonezko batek sinatuta baina emakume batek idatzita? Honen adibide argia da egunotan zinema aretoetan daukagun istorio bat, Coletteidazle, kazetari eta artistarena. Hemen duzue pelikularen trailerra:



Ikusi dugu, beraz, historiaren berridazketa horretan zelako garrantzia duen genealogia bat egitea… Honen harira, Gure Genealogia Feministak liburuak Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat kontatzen du; eta bideo honetan, kronika horren laburpen txiki bat egin dute.



Astean zehar landu dugun gaiaren inguruan MEME hau sortu dut:



Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post bat aukeratzekotan, Garazi Esnaolarena izango litzateke. Zergatik? Ba, alde batetik euskal musika munduan gero eta gehiago entzuten ditugun La Basu eta Aneguria aipatzen dituelako eta, bestetik, gai hau eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak aipatzerakoan egiten duen hausnarketa sakonagatik. Hezitzaileok erabiltzen ditugun material eta baliabideen azterketa beharrezkoa da. Zenbat emakume aipatzen ditut? Zein rol dituzte emakume hauek? Zein eredu aipatzen ditut nik? Zein musika jartzen dut? Nork idatzitako liburuak irakurtzeko aholkuak eman dizkiet? Eta zein irudi ditugu gelan?


Euskal emakume aitzindari bat aukeratzea oso zaila egin zait. Batez ere, nire erreferenteen “zaku” hori ez dagoelako oso beteta eta niretzat erreferente izan direnak ez direlako oso ezagunak. Egia da, pentsatzen hasten zarenean, handik eta hemendik izenak burura etortzen zaizkizula, baina kosta egiten da. Eta hau, emakumeen presentzia faltagatik da, honela hazi gaituzte eta. Filosofia alde batera utzita, burura etorri zaizkidan izen ezberdinen artean (Mireia Delgado Exposito, Reyes Azkoitia, Miren Amuriza, June Fernandez, Irantzu Varela, Maialen Lujanbio…) Ines Etxegibel aukeratu dut. Durango Rugby Taldean hasi zen 1989. urtean eta klub horren lehen emakume taldea osatu zuen Emi Mendez eta Goretti Etxegibelekin batera. Harez geroztik, ibilbide oparoa eta arrakastatsua izan du errugbian, jokalari eta entrenatzaile gisa.

Ines Etxegibel Alberdi

Hainbat lorpen izan ditu klub ezberdinekin Estatu mailan, baita euskal eta espainiar selekzioekin Europa zein Mundu mailako txapelketetan ere. Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioaren entrenatzailea ere izan zen, baina emakumezkoen ligak gizonezkoenak bezain beste baliabide ez zituenez, dimititu egin zuen. 2014-2015 denboraldian, Durango Rugby Taldeko gizonezkoen taldea gidatu zuen, “Division de Honor B” mailan zegoena (futbolean estatuko 2. mailaren antzekoa dena) eta “División de Honor” mailara (1. maila) igotzeko promozioa jokatzera eraman zuen Durangarrak. Hemenduzue “Ur handitan” saioan egindako elkarrizketa, non kirol munduan emakumeenganako dagoen diskriminazioaz aritu zen.
Pertsonalki berandu ezagutu nuen arren, berarekin entrenatzeko aukera izan dut eta benetan diotsuet sekulako indarra, lidergoa eta zintzotasuna transmititzen duela. Errugbia kirol minoritarioa da eta emakumezkoena, are minoritarioagoa, baina Inesek erakutsi digu lanarekin (lana, lana eta lana!) gorenera iritsi gaitezkela.


Nire ustez emakumeen presentzia edo protagonismoa eremu hezitzaileetan eta jendartean lantzeko erronkak emakumeak eta haien ekarpenak ikusaraztea eta baloratzea dira; erabiltzen ditugun materialetan edo curriculumean eta baita gure egunerokotasunean ere, Garazi Esnaolak dioen moduan. Horretarako, ezinbestekoa da gure genealogia egitea, kendu diguten protagonismoa berreskuratu behar dugu.
Honetaz gain, betiko lez, komunikabideek ere ardura handia dutela uste dut. Egia da gero eta emakumeen ekarpen gehiago agertzen direla medioetan, baina oraindik lan asko falta da gure presentzia eta ekarpenak genero ikuspegi batekin bistaratzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07