blogak

Hezkidetzan esku hartzen

IDENTITATEEN GARAPENEAN ASKATASUNAREN ALDE!

Identitateen garapenaren gaia oso gai konplexua iruditu zait. Izan ere, identitateak ezinbestekoak dira gizartean bizitzeko. Patriarkatua eta heteronormatibitatea azaltzen dira gure identitateak eraikitzen direnean. Pertsona egitura hegemonikoaren, hierarkikoaren eta baztertzailearen mende gaude, eta egitura horrek diskriminatu egiten ditu identitate batzuk beste batzuen aurrean.

Argi dago, identitateak anitzak direla eta horrek aberastasuna dakarrela. Esan beharra daukat, aste honetako irakurgaiari esker, aniztasun horrek dakarren kontzeptualizazio anitza ezagutzen lagundu didala; hala nola, zisgenero, zisexual, queergenero, pangeneroa… hitzak.

Zer da ordea identitatea? Hona hemen, gai honekin lotuta atera dudan ideia nagusiarekin sortutako irudia.

Aste honetan, aurreko urteko sarrerak irakurri ostean, Ainhorena gomendatzea pentsatu dut. Hausnarketa argia egiteaz gain, asko gustatu zait partekatu duen ondorengo bideoa.


Bertan ikus daitekeen bezala, haurrek gurasoek esaten dizkieten gauzetatik abiatuz beraien ideiak eraikitzen dituzte. Modu honetara, ingurukoekiko izaten dituzten gizarte-harremanetatik beraien identitatea eraikiko dute, norberaren portaerak eta horiek jasotzen dituzten erantzunen arteko trukaketetan. Leloak dioen bezala, “Emakumea edo gizona ez dira jaiotzen, egiten baizik”.
Hori honela izanik, garrantzitsua izango da, batez ere, haurrekin egunerokotasunean erabiltzen ditugun hitzei erreparatzea. Amelia Barquin Lopezek Argia aldizkariko elkarrizketan dioen bezala: "Genero-identitatea askatasunez erabakitzen utzi behar zaie umeei".

Heziberri 2020 aztertu ostean, identitateen garapenarekin lotutako ondorengo bi zatiak hautatzea pentsatu dut:

“Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena. Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.”

Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horrenbestez, zuzentasunaren eta justizia sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu, bazterketarik egin gabe –ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun edo generoagatik–, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak.”

Guzti hori kontuan hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da curriculum ezkutuan ikasle guztiei aukera berdinak ahalbidetzearen alde lan egitea; hauengana zuzentzeko erabiltzen diren jarrerak, hizkuntza, baliabideak… aintzat hartuz eta betiere estereotipoak alde batera utziz.


Egia da, nire inguru hurbilean, genero-identitateen inguruan gero eta aurrerapen gehiago ematen ari direla, batez ere, hezkuntza eremuan gero eta ekintza hezkidetzaileagoak antolatzen ari direlarik. Gainera, identitate anitzei dagokionez, ingurukoek gero eta informazio gehiago dutelakoan nago. Hala ere, oraindik ere sinesmen faltsu ugari daude desikasteko. Beraz, lanean jarraitu beharra dagoela uste dut.



jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07