blogak

Hezkidetzan esku hartzen

HEZKIDETZAN ELKARBIZITZERA

Gure ikastetxe, ikasgela, jolastokietan… eguneroko jardunean ohikoak izaten ditugu gatazkak eta haiei irtenbidea topatzeak irakasleoi buruhauste ugari sortzen dizkigulakoan nago. Egia esan, ikastaroan murgildu arte, gatazken analisi, interpretazio edo trataeran ez dut uste genero ikuspegia kontuan hartzen nuenik. Ideia honek begiak zabaldu dizkit eta bide berriak deskubritzeko aukera eman didala uste dut. Baliabide eta tresna eraikitzaileez zergatik baliatu behar garen ulertzen lagundu dit eta lankidetzan oinarritutako irtenbideak topatzen saiatu naiz. 



Horrela beraz, aste honetako irakurgaian aipatzen diren aipu benetan esanguratsuak iruditzen zaizkit:

“Ez gaitezen jabearen tresnez baliatu, jabearen etxea errausteko” Audre Lorderen aipu honek argi laburbiltzen du aste honetako gaia, gatazkak konpontzeko orduan genero ikuspegia txertatzeak duen garrantzia ulertzen lagundu dit eta bereziki, konponbidea bilatzerakoan, baliabide eta tresna eraikitzaileak erabiltzeak duen garrantzia azpimarratzen du.

Bestetik, gatazkaren definizio positiboen beharra sumatu dut ingurukoekin gaiaz aritu garenean horregatik hautatu dut, ondorengo aipu hau: 

“ Gatazka erronka da (...). Bizitzeko arnasa hartzea bezain garrantzitsua” Galtung

Iazko posten artean Leire Garrorena hautatu dut izenburutik hasita asko gustatu zait gaia nola laburbiltzen duen eta bat nator berak proposatzen dituen erronkekin. Baliabideak ere interesgarriak dira. Baina batez ere, Marian Morenori hartu dizkion hitzak gustatzen zaizkit, honela dio aipuak:
"No existe la convivencia sin coeducación, la perspectiva de género y la educación para la igualdad nos ayuda a sentar unas bases sólidas para una convivencia en paz y en igualdad que nos permite ser más felices. De ahí la importancia de abordar de forma sistemática y transversal la formación del profesorado en coeducación" Marian Moreno

Baliabideei dagokienez, sarean badira elkarbizitza eta hezkidetzari buruzko atarietan hainbat unitate, edo proposamen. Esaterako Gizagune fundazioak Lehen Hezkuntzarako ikasleentzat prestaturik hau. Dena dela, askotan iruditzen zait halako baliabideak baino erabilgarriagoa dela ikastetxean guk geuk ikusitako egoera errealetatik abiatzea, behar den momentuan esku hartzea. Esanguratsuagoa iruditzen zait egunerokotasunean baloreak, emozioak eta halako gaiak lantzeak, curriculumean landu beharrekoarekin txertaturik eta ez astean behin egiten dugun tutoretza orduan, soilik dinamika batzuk egitea. 

Erronkei dagokienez, egun irakasleon artean gatazkek kutsu negatiboa mantentzen dutela esango nuke irakasleon artean, burukomin ugari sortzen dizkiguten egoerak dira eta horrek zailtzen du zerbait positibo gisa ikustea. Oraindik ere askotan entzuten dut “horiek ume kontuak dira.. lasai”, ez dut uste ume kontuak izateak beste aldera begiratzeko baimena ematen digunik. Hobetzen ari bagara ere, gatazken ebazpenari bere denbora eskaini behar diogu eta hauen interpretazioak egiterakoan, genero ikuspegia txertatzea izan behar luke etorkizuneko gure erronka nagusia. Bigarrenik, baliabide eta tresna hezkidetzaileak erabiltzen saiatu behar dugu hauen konponbidea bilatzeko eta aipatu dudan moduan, azkar pasatzeko zerbait beharrean, ikasteko une aberats gisa ulertu behar dugu gatazka baten momentua.


jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07