blogak

Hezkidetzan esku hartzen

GOAZEN GEURE PLAZAREN BILA!

Egunak joan eta etorri hausnartzen eta egoera kritikatzen jarraitzen dugu, ez gaude ados bizi garen errealitatearekin eta etengabe akatsak edo eta aldaketarako bideei buruz ari gara berriketan. Gaurkoan ordea, eman ditugun hainbat aurrerapausa aipatzera nator, jarrera positiboz. Nire herrian emakumeek duten presentzia edo eta hauei begira buruturiko hainbat aldaketa azalduko ditut. 
Emakumeoi irakatsi digute kontuz ibili behar garela gauean, bidezidor ilun eta itxietatik bakarrik ez igarotzeko esan digute, etab. Zergatik irakasten zaigu emakumeoi  geure burua babesten, eta zergatik ez zaie gizonezkoei erakusten emakumeak ere errespetatzen? Balore kontua da. Jakitun nahiz dena den, gaur egun gizonezkoei ere ematen zaizkiela irakaspen bereziak gai honen inguruan, baina oraindik ere zer egin asko dago. Emakumeok gauez bakarrik etxeratzean ez dugu ausart garela sentitu nahi, lasai etxeratu nahi dugu. Hori horrela, hainbat egokitzapen egin dira nire herrian.
Ondorengo argazkietan ikus ditzakezue hainbat adibide. Txoko ilunetan pintadak egin dira. Hala nola, pasabide bateko hormetan  marrazki more-arrosak daude “Osa dezagun beldurrik gabeko marea” mezuarekin. “Aske garelako” mezua ere ikus daiteke pasabidean. Mezu eta marrazki koloretsuez gain ispiluak jarri dituzte pasabideen sarreretan, pasabidera sartu arretik barruan norbait dagoen ikusi dezakezu, edo eta pasabidetik irtetean kanpoan norbait ba ote den beha dezakezu.  Badira bizpahiru urte aldaketa hau egin zela, eta orduz geroztik askoz erosoagoa da pasabidea. Dena den, gauez etxera bidean pasabidetik ez igarotzen ahalegintzen naiz, ordezko bidetzat errepidea erabiltzen dut. Beldur eta arriskuak saihesteko, beste mota bateko arriskuak hartzen ditudala jakin arren.




Horrez gain, emakumeei omenaldia egiteko asmoarekin, bada “amatasunaren irudia” izeneko eskultura bat Azpeitian. Harrizko irudia da eta ama bat umeari bularra ematen ageri da aulki batean eserita.  Emakumeon egunaren arira, egin izan dira irudiaren bueltan bilkurak, eta bertan ama-umeak bildu ohi dira bularra emanez.


Gainera, nire herrian “Balentina Agirre” izeneko plaza dugula esan behar dut. Pasa berri den urte honetan ezarri zioten izena plazari. 1918an jaio zen Balentina Agirre Elorza Izarraitz auzoko Egurtza baserrian. Herriko emagina zen eta aldi hartarako pentsaera aurreratuko emakumea zela diote. Azpeitian “herri hezitzailea” ekimena dago martxan, eta hortik abiatuta gisa honetako hamaika proiektu abiatu dira.


Hemen dago eskuragai Balentira Agirreren bizitzaren irakurgaia 
Beti esaten dudan bezala, apurka apurka, baina ari gara emakumeon presentzia ikuserrazagoa egiten. Eta hori da gakoa. Izan zirelako baikara gaur.

Gaian ikusitakoa gogoan hartuz, honakoa da laburbilduz egin dudan kontzeptu mapa.


Horren harira, emakumeok dugun errepresentazio urria dela eta honako ihazko post hau aukeratu dut. Bertan emakumeak eta alkatetza gaia jorratzen du, interesgarria benetan.  

   Gaiarekiko sentsibilizazioa lantzeko eta espazioaren erabileraren garrantziaz jabetzeko, aldiz, hiria kolektiboaren KALEARTEAK dokumentala uzten dut zuen eskura. 
  Jarraian duzuen bideoan HIria Kolektiboak espazioaren garrantziaz hitz egiten du:



       Ikusiak ikusi, hainbat erronka ditugu aurretik. Hona hemen horietako esanguratsuenak.

-Berdintasuneko espazioak sortzea (eta ez berdinkide itsura ematen diguten eremuak)
-Kale izendegieten emakume izenak ugariagotzea.
-Literaturan eta ikus-entzunezkoetan emakumeen presentzia ugaritzea.
-Eskola patioetan konfigurazio tradizionala haustea.

-Eta aurreko guztiak lortu ahal izateko, HERRITARROK KONTZIENTZIATZEA.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07