blogak

Hezkidetzan esku hartzen

FEMINISMOA BURUAN ETA IBILI MUNDUAN


         Aste honetan, feminismoaren gaiarekin aritu gara lanean buru belarri eta, askok, kontzeptu berri xamarra dela pentsatzen duten arren, duela hainbat urte sortua izan zela azpimarratzea ezinbestekoa iruditzen zait. Historian zehar hainbat izan dira feminismoak eginiko ekarpenak eta lorturiko helburuak; hala nola, boto, hezkuntza eta lan eskubideak.

         Honen inguruko arazoa, ordea, jendeak feminismoaren kontzeptuaren inguruan duen ideia okerra da. Askok, feminismoa matxismoaren ildo beretik doala uste dute, hau da, gizonezkoen gainetiko emakumeen nagusitasuna lortu nahi duen jarrera multzoa dela. Baina, honako ideia hau guztiz okerra da. Feminismoaren helburua, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzea baita.


         Ildo berean, blogeko lehengo urteetako sarrerak irakurtzen jardun dut eta Isabel Casaresen hau gomendatuko nizueke. Lehenengo lerroetan kontatzen duen bizipen pertsonala oso aberasgarria iruditu zait, bere amaren alderdi feminista eta borrokalari hori agerian utzi duelarik. Gainera, aldarrikatzen jarraitu beharreko ideien zerrenda ere oso interesgarria iruditu zait.

         Bestalde, berak aipatzen duen moduan, hezkuntzan feminismoa lantzeko jarduera feminista batzuk aurrera eraman beharko lirateke. Hauetako garrantzitsuena, nire ustez, aurrez aipatu dudan feminismoaren kontzeptua argi uztea izango litzateke. Izan ere, hitz honen definizioaren inguruko hainbat pentsamendu oker daude zabalduta. Horretaz gain, feminismoak historian zehar eginiko lorpenak aipatzea ere aberasgarria litzateke, guztiok indarrak batuz eta geure eskubideak aldarrikatuz, irabazteko asko dugunaren ideia zabaldu ahal izateko.

         Gizonak emakumeak baino gehiago ez direnaren ideia helaraztea ezinbestekoa dela deritzot, berdintasunezko mundu bat sortzeko beharrezkoa baita ideia hau barneratuta izatea. Honekin batera, emakumeak errespetatuak izatearen eta aurreko astean aipatzen genuen genero-indarkeria ekiditearen garrantziaren inguruan mintzatu beharko litzateke ikasleekin. Azken hau ekiditeko eta detektatu eta aurre egiteko beharrezko baliabideak eskainiz. 


         Bestalde, emakume feministen gaiari eusteko asmoz, honen inguruan pentsatzen hasi eta Onintza Enbeitaren "en mi coño y en mi moño mando yo!" esapidea etorri zait burura. Hainbat aldiz ikusi izan dut emakume hau telebista kate eta programa ezberdinetan emakumeen eskubideen aldeko hitzaldiak ematen eta, egia esan, bere ikuspuntu feminista hori asko miresten dut. Hemen uzten dizuet abortu legearen kontra egin zituen adierazpenak biltzen dituen bideoa:


         Horretaz gain, Uxue Alberdi eta Ane Labakarekin batera eginiko bertso saio bateko bideoa ere eskuragarri uzten dizuet hemen. Bertan, hiru gizon feministen papera harturik, umore puntu batekin sorturiko koplak ikus ditzakezue.


jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07