blogak

Hezkidetzan esku hartzen

Baietz ausartu zurea marraztera?


Ikastaroa hasi aurretik entzuna nuen bidea ez zela erraz eta laua. Eta hala izan dela konprobatu dut. Asteroko erritmoan irakurgaiak landu, ingurua behatu, arakatu eta hausnartzea, ariketak banan banan egitea... ez da lan makala izan. Denbora eta dedikazio handia eskatzen duen ikastaroa izan bada ere, aitortu beharra dut gai askotan sakondu eta ikasteko aukera eman didala. Pertsonalki eta profesionalki lanean jarraitu eta feminismoaren bidez gure eremuan eragiteko gogoak eta ezagutzak handitu dizkidala esango nuke.

Foroak, partekatutako bideoak zein materialak... oso interesgarriak eta anitzak izan dira. Askotan, denak nahi beste sakontzeko aukerarik izan gabe, egunerokoaren errutina bizian murgilduta egin dugu aurrera. Sentsazioa dut, ordea, ikusteke eta deskubritzeke ditudan beste hainbeste aurpegi eta lehio ireki zaizkidala parez pare. Bai irakasle taldeak emandako erreferentziei esker, eta baita elkartu garen ikasle-talde mamitsu honen ekarpenekin ere. Plazer handia izan da halako talde batean parte hartu, ideiak elkar trukatu eta ikusmolde zein gogoeta freskoak jasotzeko aukera izatea. Benetan.

Esperientzia nolakoa izan den hitz gutxitan?
Mamitsua, indarberritzailea, gogorra, intentsoa, erakargarria, berritzailea, aberasgarria, malkartsua, iraultzailea, aurrerakoia, kritikoa, autoezagutzarako aproposa, parte hartzailea, gogorra, goxoa, hezkidetzailea...


Abesti bat prozesua deskribatzeko:
Izaro artista zornotzarraren kantu berria hartu dut energia pilo ematen didalako baina galderaz betetako prozesua izan delako: kuriositatea, bilaketa prozesua, kanpora zein barrura begiratzeko unea... betiere energia positiboarekin. La felicidad.


Ikastaroari lotuko zenizkiokeen
3 adjektibo: malkartsua, esanguratsua, gozagarria
3 izen: feminismoa, osasuna, etorkizuna
3 sentimendu: gogorra, ilusionantea, indarberritzea



Hezkidetzahezkuntzan ari garen eragile guztiok lan egiteko modu kontziente eta konprometitu bat dela esango nuke. Feminismoa deskubritzen duzunean bezala, gero eta hurbilago eta ezagunago izan, zenbat eta denbora gehiago konpartitu betaurreko moreak aldean dituzula, orduan eta indartsuago eta ahaldunago sentitzen hasten zara. Ordura arte kimu txiki bat izan zena -zu zeu- loratzen egongo balitz bezala.

Hezkidetza zein feminismoa bizitza ulertzeko eta eraikitzeko modu bat da. Desira bat, etorkizun hobe bat, iraultza handi bat. Pertsonala eta kolektiboa. Zuretzat eta besteentzat deseraiki eta eraikitzen ari zaren bidezidor bat.

Ondoko irudian bezala, aurrera begira espazio aske bat nahieran marrazteko aukera izatea. Hezkidetzak eta feminismoak bidea gure beharren arabera modu horizontalean -bakarka zein elkar lagunduta- eraikitzeko tresnak ematen dizkigu. Posible dela erakutsi. Deuseztea eta beste modu batean eraikitzea gauzagarria dela erakusten digun prozesua da. Esperientzia liluragarria. Behin eskutik helduta askatu nahi izango ez duzun hori...

Zoriontasuna norbere bizi-bidean eraikitzen dugula irakasten dizun eguneroko hauspoa da. Eguneroko izerdia. Eguneroko buruhaustea. Eguneroko emozioa. Gorputz eta ideien dantza.  Baietz ausartu zurea marraztera?






jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07