blogak

Hezkidetzan esku hartzen

AURREIRITZIAK TRATU ONEN ETSAI!

Identitate anitzak, gatazkak eta indarkeria matxistak landu ostean, tratu onen gaian sakondu dugu aste honetan elkarrekin jardun eta harremanak eraikitzeko bide positiboen bila. Konturatu gara, besteekin elkarrekintza ona izateko, lehenengo norberak bere buruarekin harreman osasuntsua izan behar duela, zeren, nola maitatuko dugu norbait modu egokian, lehenengo, gure burua zaintzeko gai ez bagara? Hain erraz idatzi eta esaten den galdera honek ordea makina bat buruhauste ematen dizkigu, besteak beste, patriarkatuak emakumeoi lehenengo besteak zaindu behar ditugula erakusten digulako eta gizonei, zuzenean, inor zaintzeko gai ez direla!



Tratu on, maitasun on eta harreman on-en erdigunean ZAINTZA ipini behar dugu beraz. Erantzunkidetasuna edo elkar ardura zaintza hori gauzatzeko bideak lirateke, hau da, osatzen dugun giza taldea ondo egongo dela ziurtatzeko hartuko ditugun ardura eta erabakiak.

Bereziki bat egiten dut, ongizatearen oinarrian dauden, tratu onen etsai zuzenak estereotipoak direla dioen ideiarekin. Aurreiritziek defentsa egoera batean ipintzen gaituzte, ez digute uzten begiak eta belarriak adi izaten eta bestearengana gerturatzeko oztopoak besterik ez dira. Zentzu honetan zuekin partekatu nahi nuke adin guztietako ikasleekin (haur, gazte naiz heldu) erabili dudan eta primerako elkarrizketa, gogoeta eta hausnarketak eragiten dituen laburmetrai hau: The Lunch Date. Aurreiritzien gaira modu orokorrean gerturatzeko aitzakia bikaina da. Ondoren, genero-ikuspegia gehitu beharko diogu eta maskulino – femenino eraikuntzak inplizituki dakartzan estereotipoetaz hitz egin.



Lerro batzuk gorago azaldutako ideia nagusiekin ondorengo hizki-salda osatu dut:


Hemen doaz erantzunak, badaezpada! ;)
Joan den urteko kideek egindako sarreren artean bat aukeratzekotan, Idoia Luzuriagaren honekin geldituko naiz. Hitz gutxitan eta labur, kritika interesgarria egiten duela iruditzen zait eta hezkidetzaren erronkak etxean jarraitasuna izan behar duenaren ideiarekin erabat ados nago!

Bukatzeko, tratu onen gaia hezkuntza eremuan lantzeko, ondorengo erronkak planteatuko nituzke:

- Irakasleekin autoezagutza eta autokontzeptua lantzeko tailerrak egin ikasleei trataera egokia eman ahal izateko
- Eskolakide guztien ongizatea bilatzen duen egitasmoa izatea
- Ikasleekin ikastetxean pertsonekiko, gauzekiko eta inguruarekiko tratu ona sustatzeko protokoloa osatu.
- Zaintza lanei balioa eman eta praktikan ipini.
- Ikasleekin maitasuna, laguntasuna eta errukia bezalako baloreak sustatzen dituzten jarduerak egin.
- Bake eta indarkeria eza kultura sustatu.
- Estereotipoak orokorrean eta maskulino – femeninoarekin lotuta daudenak landu.
- Maitasun erromantikoaren ideia desmitifikatu eta beste eredu batzuk eman.
- Elkar ardurari balioa eman eta eredu positiboak erakutsi.


jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07