blogak

Hezkidetzan esku hartzen

SARE SOZIALEN ETSAI? EZ, HORIXE!

Internetak gaur egungo gizartean oihartzun handia duela ezin uka genezake, bere “sareetan erortzea” oso ohikoa delarik. Batez ere, sare sozialak izan ohi dira pertsonak morroi bilakatzen dituztenak, denbora luzez beren zerbitzuak erabili gabe egon ezin direnak.

Sare sozialekin pentsatzen hastean, askori “tweet”, “instagramer”, “blogger”, “trending topic” eta antzerako hitzak etortzen zaizkigu burura; hau da, hitz “fashion”ekin pentsatzen hasten gara. Izen berak dioen bezala, sare sozialak SOZIALizatzeko tresna gisa ikusten ditugu, gizartean integratzeko oso erabilgarria suertatzen direlarik: beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko, egiten ari garena munduari azaltzeko, informazioa elkartrukatzeko…

Hala ere, askotan, hauen alderdi hezitzailearekin ahaztu egiten gara. Bertan aurki daitezkeen informazio eta jakituria anitzei esker, ikaskuntza iturri ezin hobeak dira (beti ere, informazio hori sailkatzen eta era egoki batean erabiltzen jakinez gero). Gainera, geure gizartean nahiz munduko beste puntan gertatzen denaz jabetu gaitezke hauei esker eta egunerokotasuneko gaietan milaka pertsonen iritzi ezberdinak aurki ditzakegu; baita, hauen inguruan eztabaidatu ere.

Gutariko askok hezkuntzaren inguruko ikasketak eginak ditugun aldetik, garrantzia handikoa iruditzen zait teknologiaren mundu hau menperatzeko saiakerak egitea; modu egokian erabiltzen jakinez gero, probetxu handia ateratzea oso erraza baita. Irakaskuntza prozesuan aurrera egiteko beharrezko baliabide sarri aurki daitezke webgune ezberdinetan eta edozein zalantza argitzeko nahikoa informazio egon ohi da.

Bestalde, ziberaktibismo hezkidetzaileari dagokionez, sareetan jarrera hezkidetzailea izatea ezinbestekoa iruditzen zaidala esango nuke. Gaur egunean Internetak duen indarra kontutan izanik eta sarean zehar kultura, adin, pentsamendu… ezberdinetako jendearekin topo egin dezakegula ikusirik, ideia hau agerian ustea ondo legoke. Ea horrela, hezkidetzaren inguruko pentsamendua gutxika zabaltzea lortzen den.

Amaitzeko, gai honen inguruan bizitako esperientzia bat kontatzea gustatuko litzaidake. Udara honetan Perun izan naiz boluntario gisa, Eusko Jaurlaritzako “Euskadiko Gazteak Lankidetzan” programari esker. Irakasle lanetan jardun dut hainbat komunitate txiroetako eskoletan eta egia esan, bertako bizi baldintzekin hunkituta gelditu naiz.

Haurrak eskolara esku, hanka, eta ile zikinekin agertzen dira gehienetan, higiene ohiturak alde batera utzita dituztela nabaria izanik. Egunero etxetik eskolaraino oinez joan beharra dute, kasu batzuetan ibilaldi hori bi ordutik gorakoa delarik. Arropa zaharrak, hotz beltzak… benetako txirotasuna neure muturren aurrean ikusteko aukera izan nuen lehen aldiz.

Ikastetxeetara sartzean, ordea, a ze sorpresa! Eskola guztietan ikasleentzat ordenagailuak zeuden, panpoxo panpoxoak. Haurrak hauekin interakzioan ikustea benetan egoera bitxia egiten zitzaidan: bi mundu ezberdinen fusioa.

Bertako irakasleak orain dela gutxi hasi dira Internetaren abantailez baliatzen, baina hauek aitortu zidatenez, hezkuntzaren barruan mundu berri bat aurkitu dute. Orain askoz errazago egiten omen zaie ikastorduak prestatzea eta ordu hauetan lantzen dituzten eduki asko sarean zehar aurkitutako informazioarekin sortzen dituzte. Oraindik ere lan asko dute egiteko mundu honen barnean, baina sekulako motibazioa dutela ukaezina da.









jatorrizkoa ikusi

2013-2017
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07