blogak

Garaigoikoa

Tosepan 4

Tosepan 1

Tosepan 2

Tosepan 3

Niauala denoi Cuetzalan aldeko gure mendi-magal honetatik. Gure egonaldiaren erdia pasa da dagoeneko eta hemengo lanek itota daramagu astea. Lan eta lan ari gara, gelditu barik, eta itxura oso ona hartzen ari dira lehen asmoak ziren horiek guztiak.

Aurreko kroniketan aipatu bezala, lau erabilera plan ari gara diagnostikatzen eta diseinatzen. Horrez gain, hemen hizkuntza aholkulari jardungo duen pertsona trebatzen ari gara. Baina ez hori bakarrik: Tosepan barruan hizkuntzaren aldeko lana egingo duen talde motorra ere eratzen ari gara.

Talde motor horretan jarduten ari dira orain arte lanean dabiltzanak. Batetik, nauat hizkuntzan emititzen ari den irratiko koordinatzailea; bestetik, murgiltze ereduko eskolako irakasle bat; hirugarrenik, hemengo berbakera batzen ari den pertsona bat; laugarrenik, erabilera plan intentsiboetako kooperatibaren zuzendaria eta, bosgarrenik eta azkenik, hizkuntza aholkulari jarduten ari den pertsona.

Orain arte, taldea osatzen eta jarduteko moduetan trebatzen aritu gara. Taldeak bere buruari honako funtzio nagusi hau eman dio: “erakundearen barruan maseual hizkuntzaren berresanguratze lanari jarraipena ematea, hau da, tomaseualtajtol hizkuntza biziberritu dadin lan egitea”. Funtzio potoloa, inondik begiratuta ere.

Baina, horrez gain, beste hiru funtzio zehatzagoak zedarritu ditu taldeak. Batetik, koordinazioa. Orain arte egiten ari diren ahaleginak koordinatu gura ditu talde honek eta, era berean, proiektuen artean sor daitezkeen sinergiak aprobetxatu. Horrez gain, Tosepan barruan ere erreferente bihurtu gura du. Hortaz, hizkuntzaren biziberritzean jardun gura duen edozeinek badaki hemendik aurrera nora jo, zer ateri eragin.

Bigarrenik, taldeak kohesio funtzioa eman gura izan dio bere buruari. Beste era batera esanda, orain arte bakarlanean jardun duten horiek talde batera ekarri eta elkarri laguntza eman. Laguntza bai, baina baita lorpenak ospatu eta tristeziak leuntzeko parada ere. Eta, elkarrekin eta kolektiboki, egin behar diren lanak partekatuz ahal den heinean.

Hirugarrenik, taldeak proiekzio funtzioa ere bereganatu du. Izan ere, gaur eta hemen lehen bi funtzioak dira ezinbesteko, dira funtsezko. Baina horrek ez du gura esan amets egiteari utzi behar zaionik. Taldeak proiektu berriak garatzeko, proiektu berriak asmatzeko, proiektu berriak sustatzeko abagunea ere aprobetxatu gura du, bihar ez bada, etzi.

Esan dudan legez, taldea eratu dugu, funtzionamendu zehaztu eta hurrengo bi urteetarako balizko plangintza baterako lehen oinarriak jarri. Oraindik egun batzuk eta saio bat geratzen zaio talde motorrari eta, horietan guztietan, saiatuko gara denon artean talde horren sendotasuna handitzen. Hala izan dadila.

Jarraituko du …

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07