blogak

Gaitzerdi

Katalunian atzo emandako urratsa beroagoa ote den jasotako baldekada ur hotza baino

Kaletik jarraitu genuen atzoko Parlamentaren saioa, beste milaka herritarrek bezala. Baldekada ur hotza izan zen “independentzia aldarrikatzen dugu baina momentuan suspenditu” mezua. Ongi afaldu, hartutako tragoa tragoekin bultza eta kezkak erreta, Xabier Letonaren analisia irakurri eta berriz amesteko gorputzaldiarekin sartu ginen ohera. Errealitatea xamurragoa ez ote den atzoko zeremonian herritarrei botatako ur hotza baino. Ze nezesidade? (oharra: ondorioetara zuzen jo nahi baduzu, irakurri “Zeremoniak eta idatzitako agiriak” tartekitik aurrerakoa).

Lluis Companys etorbidean herritarrak pantailari begira

ANCk 18:00etan Lluis Companys etorbidean elkartzera deitu zituen herritarrak, Puigdemontek ondoan dagoen Parlamentean egin behar zuen adierazpena indartzeko. Ze formetan auskalo, baina independentzia aldarrikatuko zuela espero zuten bertan elkartutako milaka herritarrek. Bi pantaila handitatik jarraitu genuen Parlamenteko saioa, beste 24 herri-hiritan bezala. Ikasleen zutabeak 14:00etarako zeuden bertaratuta, baita nekazarien traktoreak ere, Garaipenaren Arkuari jarraipena ematen zion ilara osatuz.

16:30etarako farola zabal batera igota geundela, ondoan tokatu zen gazte sevillarra, Kataluniako M15ean sorreratik aritutakoa, lehen gaua kalean pasa zuten 12 horietako bat. Irri bihurria piztu zidan egin zuen ohartarazpenak: eurek deituta milaka herritarrek Parlamenta inguratu zutenean, egoitza eta lorategiak inguratzen dituen hesiaren aurrean jarri zirela herritarrak, Parlament barrura begira, eta presio handia eragin zuela. “Gaur pantailak Parlamentera ez, Garaipenaren Arkurantz begira jarri ditu herritarrak. Ez dakit presioa egiteko modu onena den…”.

Ordubete atzeratu zen saioa

Pantailara begiratu beharrik ez zegoen Parlamentean nor sartzen zen jakiteko. Oposizioari jotako txistu zorrotzek esaten zuten dena. Independentzia aldarrikatu behar zutenak agertzen ez, ordea. Tentsioa igotzen joan zen, eta ordu bete atzeratzea eskatu zutela jakin genuen minutu gutxiren bueltan. “JxSi negoziaketak lotzen azken orduan? CUPek eskatutakoa ez ote den?” bateko eta besteko iritzi-zurrumurruak entzuten ziren.

Telegrameko Alertes 1-0 zerrenda jarraitu bagenu, alde ederreko arratsaldea pasako genuen. 7,6K herritarrek jasotzen dugu bertatik informazioa, ordea, atzo kalean bildutako milaka herritarrek ez genion informazio horri momentuan jarraitu. 18:20an bidalitako mezuak zioen “hainbat iturriren arabera, ordubeteko atzerapena nazioarteko bitartekariekin harremanetarako dela” (Ara informazio iturri aipatuta). Eta 18:47an bidalitako mezuak zioen “Artur Mas eta Núria de Gispert batu dira JxSi eta CUPeko parlamentarien bilerara” (TV3 informazio iturri aipatuta).

Puigdemonten blankazoa eta CUPen bermea

Sartu ziren 19:00etarako oposizioa, ondoren JxSikoak, eta kaleko pantailetan ikusten zen TV3ren kamarek Puigdemonten finkatu zuten fokoa. “Ene! ze aurpegi du! ez dator gauza onik” izan zen komentario orokorra, aurpegi zurbila eta keinu desenkajatua ageri baitzuen. “Eta CUP? CUP falta da. Akabo? Sar dadila CUP, sar dadila CUP” oihukatu zuten atzeko bi gizon adinekok, egoera umore zorrotzez jarraitzen ari zirenak. CUP sartu zenean txaloak entzun ziren, “berme bat dira” esaldiarekin, atzeko gizonek botea hau ere.

Sagarrak + sagarrak + sagarrak… ba hori, sangria

Puigdemonten agerraldia osorik irakur dezakegu hemen (gazteleraz). Jendeak adostasun handiz jarraitu zuen presidentak ibilbide honetaz egin zuen kontaketa, herritarrei ezaguna eta behin eta berriz entzuna izanik ere. Eta kalean txalo zaparradek bultzatzen zuten kontakizun hau, gertaera horien ondorio logikoa “independentzia aldarrikatzea” zen bakoitzean. Adierazpena entzuten jarraitu ahal izateko moduko buila moderatuarekin, “in-inde-independentzia” oihuak errepikatzen ziren momentu horietan. Festa, garaipen, edo independentzia sentimendu nagusia bizi izan zen kalean Puigdemontek independentzia aldarrikatzeko asmo sendoa adierazi zuenean:

Ondoren, ordea, “etetea eskatzen dut” formulak hankaz gora utzi zituen herritarrak. Hurrengo egunetan jakingo da agian nola joan zen guztia, baina momentuan zabaldu zen sentsazioa izan zen Parlamenteko saioa ordubete atzeratu zuen bilera horretan Puigdemonten adierazpenaren azken paragrafoa zela aldatu zena. “Politikariekin gertatzen zaiguna, hau eta hau eta hau argudiatu, eta jarraian, ondorioa ez parean etortzea aurreko premisa nagusiekin”.

Independentzia minutu horiek gustu garratza utzi zuten. Alkooliko Anonimoen sortzaile Inaxito Albisurekin gogoratu nintzen, har esaten baitzuen “askatasuna segunduka neurtzen dela”, ez espero izateko behin eta betiko lortzerik. Baina herritarren inplikazio handiko azken asteen ostean argia piztu, eta ondoren intermitentea zela konturatzeak oso grazia gutxi egin zuen.

Jende askok momentuan aldegin zuen, bakoitza buruan bere ondorioak xehetzen zihoala. Lehen aldia, ez segadorsik, ez “els carres seran sempre nostras“ik, ez beste garaipen edo borrokarako kanturik entzun ez genuela. Taldetxoak sortu ziren, egoeraz hitz egiteko. Argudiaketan haserrezko adierazpenak entzuten baziren ere, gorputzek, jarrerek, tristura zen transmititzen zutena, bajoia. Herritar oso gutxi batzuk izan ziren Parlamentaren hesira jo zutenak “traidoreak!” eta “mossoak ere indar okupatzaileak dira!” oihuka. Minutu gutxira, beste herritar batzuek katea osatu zuten hesiaren kontra Parlamentari bizkarra emanez, juxtu erakundea babesteko “traidore”ka ari zitzaizkion herritarrenganik, oso modu lasaian, inongo hitzik ere egin gabe.

Anna Gabrielen hitzartzea

CUPek zer esango entzutera geratu zen jende dezente Companys etorbidean. “Gaur independentzia aldarrikatzea tokatzen zen” moduko esaldiei txaloz erantzun zion jendeak. Puigdemonten azken paragrafoarekin ezadostasuna agertu zuela, baina ez ziola egur handirik eman iruditu zitzaigun eta bukaeran “beste borroka fase bat hasten da” mezuak zer esan nahi zuen ikusi beharko dela.

Zeremoniak eta sinatutako agiriak

Afalostean eta egunaren digestioa egiten ari ginela, konturatzen ginen ez dagoela xamurra ulertzen nola doazen prozedurak legeek independentzia prozesurik aurreikusten ez duten estatuen mundu honetan. “Minutu batzuez independenteak izan gara? baina Puigdemontek eteteko eskatu du baina nork eta non erabaki dute etetea? baina…”. Directak eman dizkigu pista gehien, eta bart gertatutakoaren azken ondorioa Xabier Letonaren artikulu ederrak kontatu digu. Motzean eta zakar:

Ederrak direla zeremoniak eta elizkizunak, baina ezkondu sinatzen duzun paperak egiten zaituela, sermoiak A edo B esan izan, eta ezkongaiek hau edo hori hitztotelkatuta ere. Atzoko zeremonia kaletik bizi izan genuen milaka herritarrek, eta bai Puigdemontek eta bai Gabrielek erreferentzia zuzena egin zieten plazako jendeei, baina Europarentzat zen egindako adierazpena. Egun osoan zehar behin eta berriz errepikatu zuten, nazioarteko 300 hedabide baino gehiago ari zirela bertatik albistea jarraitzen, eta estatukoak kontuan hartuta 800 hedabide baino gehiago zirela bertan lanean ari zirenak.

Herritarrei balio diena, berriz, Parlamentaren saio osoa amaitu eta ondoren JxSi-k eta CUPek sinatutako independentzia aldarrikapena. Irakurriz gero, zehatza eta mamitsua dela pentsa daitekeena. Idatziz parlamentean gehiengoa duten alderdi independentistek adierazpen hau sinatuta izatea bada aurrerapauso bat, nahiz eta atzo erabaki zuten agiri hau ez oraingoz Parlamentean bozkatu eta ostean praktikan jartzea. Europarentzat egindako zeremoniak azaldu zuenez, aste batzuez negoziaketei emango diete lehentasuna. Zeremoniaren ostean sinatutako agiriak eta CUPek esan izanak negoziaketen aroa luzatzeak ekarriko lukeela ez JxSi gobernuan babestea, herritarrei ematen diete halako berme bat, aste batzuk barru Parlamentean indarrean sartu ahalko luketen independentzia aldarrikapena dagoeneko idatzita, adostuta eta eskutan dutela.

22:59an Alertes 1-0 Telegram kontuak zabaldu zuen ANCren mezu bat, 5 puntutan azaltzen duena atzo iluntzeko gertakizuna:

1-Puigdemont presidentak bere egin du urriaren 1eko erreferendumaren mandatua: Katalunia estatu independentea izango da, errepublika forman.

2-Gehiengo independentistaren parlamentariek Independentzia Aldarrikapena sinatu dute.

3-Bere aplikazioa etenda dago, nazioartetik jasotako elkarrizketa deiei erantzuteko.

4-Rajoyk negoziatu beharra du edo prest egongo gara etenaldia altxa eta independentzia defendatzeko.

5-Gobernu eta Parlament honek eramango gaituzte independentziara, herritarren mandatua betez, orain arte egin duten bezala.

Ze nezesidade?

Europak Kataluniaren independentzia eztabaidagai izan badu, herritarrek kalean egindako lan eta aldarrikapen handiei esker izan da. Orain arteko artikuluetan “pedagogia, zaintza…” modura kontatu ditugu herritarrek kaletik bizi izandakoak. Egun handia iritsi, eta herritarrek politikarien jokaldia gau beranduan edo biharamunean (edo batzuek hurrengo egunetan) ulertzeak zer zentzu du? Itxura guztien arabera, azken orduko lanak, aukerak eta aldaketek bideratu zuten zeremonia Europara, eta ez ziren gai izan edo ahaztu ziren, edo ez zen komeni herritarrei atzoko urratsak modu ulergarrian eta aurrerapauso moduan azaltzea?

Ulergarria izan daiteke edo ez, pentsa liteke hurrengo egun eta asteetan pedagogia lana egingo dutela, edo ez… orain arteko indarraren zati handi bat herritarrek jarritakoa izan dela, eta egun handietan Europari adina herritarrei azalpenak ematea exijitzen duenari ere ez zaio arrazoirik faltako. Politikaren logika, taktika eta enparauetatik egiten diren jokaldiek aparte uzten dituzte herritarrak (agian momentu batez, eta agian pixka bat soilik, baina aparteago behintzat), eta deskonfiantzak sortzea da sanoena halakoetan, ardiak ez garen seinale.

jatorrizkoa ikusi

2013-2017
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07