blogak

Boligrafo gorria

Gazteak euskal kulturara masiboki erakartzeko plan estrategikoa

Ikasleen egunean gaztez bete da Landako gunea (argazkia: Durangoko Azoka).

Ibilbidea: Eneritz Furyak, Gatom, Irazi, Nizuri Tazuneri.

Haurrak. Gazteak. Asko. Nonahi. Oraindik hain zaharra ez zarela uste baduzu –30 urteak ondo beteta dauzkagun askori pasatzen zaigu, “30ak dira 20 berriak” eta antzeko milongak saldu dizkigutenetik–, konbentzitu zaitez: bai, dinosauro bat zara ikasleen egun honetan Durangoko Azokako pasilloetan dabiltzanen aldean. Zaharra zara gaur goizean Landakon zegoen zaratak ezinegona eragiten badizu. Zaharra zara sumatzen baduzu alde guztietatik pasatzen zaizkizula permisorik eskatu gabe, ezkerretik, eskuinetik, hankapetik, sorbalda gainetik –zer jaten dute adin horrekin hain altuak izateko?–. Zaharra zara, gaurkoa behingoz pasa eta edade normaleko jendea ikusten hasteko gogoak hartzen bazaitu –adin normala, alegia, zuk daukazuna, zeinahi dela ere–.

Bueno, ba hori, zaharra zarela. Eta beraiek ez. Eta hor dabiltza, dena hormona, dena txilio, dena lehertzear dutela, gaztetasunak ematen dien arrazoi biologikoz kargatuta. Ez dakit irakasleen aldetik munduko ideiarik onena den pubertaroko bonba ibiltari horiek kaiola honetan sartzea; baina aizu, total, bestela ikasgeletako kaioletan sartzen dituzte, txikiagoak direnak eta inola ere ez hain entretenigarriak; eta gutxienez hemen erreferente kultural euskaldunen berri izateko aukera dute.

Baina “hay que copiar todo esto” dio 12-13 urte izango dituen adoleszente batek, eskuan daukan gaurko egitaraua seinalatuz, auskalo zer eskatu dielako irakasleak Durangoko irtenaldian ere dibertitu bakarrik ez, lana egin behar dutela garbi uzteko –nire miresmen guztia dauka irakasle horrek, nolanahi ere: lan egin behar da dezibel hauekin–. Gaurko lantxoa bukatzean, hemendik ateratzean, hezkuntza sistemaren obligazioetatik libre daudenean, beren kabuz etorriko ote lirateke?

Zenbat? Zertara? Ikasleen egun honek beti eragiten ditu jarrera kontrajarriak: denaren alde ona ikusteko gai direnek esango dizute, sekulako eraginik ez baldin badu ere, hobe dela urtean behin euskal kulturaren asunto honen berri izatea, batere kontakturik ez izatea baino. RH ezkorrekoek erantzungo diote, segun eta gauzak nola egiten diren, okerragoa dela mugiro honetara horrela etortzea batere ez etortzea baino, betirako gera daitekeelako lotuta eskolako imaginariora eta, denok dakigun moduan, behin eskolatik askatu zarenean, ez da itzuli nahiko zenukeen leku bat.

Bi joeren arteko sintesi burutsu bat egiten hasi behar genuenean hasi da Eneritz Furyaken kontzertua Ahotsenean eta datorren urterako utzi beharko dugu nerabeak sistema kultural honetara ekartzeko plan estrategikoaren osaketa.

Eneritz Furyak (argazkia: EITB).

Eneritz Furyak beraz: Irundik single bat besapean etorri da Kasernarat taldean ezagutu genuen bakarlaria. Ez da Ahotseneako karpa plazarik errazena gitarra akustiko batekin bakarka jardun behar duen musikari batentzat, berak aitortu du bi kantaren artean sekulako oihartzuna iristen zitzaiola bueltan eszenatokira, baina, kontuak kontu, erlojuaren kontra Zaldi zuria / Maskara lan berriko bi kantez gain, iaz argitaratu zuen bakarkako lehenbiziko diskoko zenbait piezarekin konbikzioz beteriko errepertorioa eskaini du. “Antifolk” gisa deskribatu du iazko lan hura eta ez dakit zehazki 80ko hamarkadan izen hori hartu zuen mugimenduari erreferentzia egin nahi zion, baina kantatzen hasi denean garbi geratu da zer esan nahi zuen: Furyakena ez da azken urteetan modan jarri den soinu akustiko, melodia atsegin eta intimismo xalo hori, botak jantzita, egituretan zein hitzetan konplexutasuna bilatuz eta ahots-erregistro deigarri batekin datorren proposamena baizik.

Irazi talde irundarra (argazkia: Irazi).

Gipuzkoako kornerrean dagoen hiritik etorritako beste talde bat ere izan da gaur Ahotsenean: Irazi. 2013an argitaratu zuten lehenbiziko erreferentzia, baina geroztik disko berririk kaleratu gabe zeuden aurten Orratzak argitaratu duten arte. Post-rockak metalerantz egiten duen esparru horretan kokatuko nituzke, Bidasoaldean sustraiak bota zituen Helmet talde legendarioaren soinu-ildoan nolabait. Taula gainera igo, eta gupidarik gabeko hogeita hamar minutu eskaini dituzte, oinarri erritmiko sinkopatu sendoen gainean, kantatik kantara ia gelditu gabe, apenas hitz egin gabe: ezinegona bideratzen duen deskarga sorta bat.

Gatom, jamaikar kutsuko hip hopa.

Gaur ikusi ditugun beste bi kontzertuetako protagonistek genero musikala eta argitalpen-plataforma dituzte amankomunean: Gatomek eta Nizuri Tazunerik hip hopa egiten dute eta Taupaka elkartearen standean aurki daitezke euren azken lanak –diziplina ugaritako sortzaileen auto-antolaketaren bidez duela sei urte sortu zen Taupaka, eta joan den hamarkadakoaren aldean testuinguru diferentean bagaude ere, nolabait MusikHerriak utzi zuen hutsunea bete du–. Hortik aurrera, bakoitzaren proposamena bereizi beharra dago: Gatomen oinarriek Jamaikako kutsua dute, ragga estiloan abesten du eta haren hitzetan kritika soziala da nagusi. Bi disko argitaratu ditu aurten, Kostako Vibes – Binomio eta Bueltan gatoz. Bestelakoa da Nizuri Tazuneriren planteamendua, jostalariagoa, publikatu duten Zazpi disko berriko azalean El Grecoren koadro batetik abiatuta egin duten muntaia ikustea besterik ez dago.

Nizuri Tazunerik rap jostalaria ekarri du Ahotseneara (argazkia: Taupaka).

Musika horrekin ari ginen karpan, publikoari begiratu eta ikusi dugunean han ez zegoela goizean alde guztietatik agertzen ziren haur eta gazte-samaldaren arrasto handirik. Duela hamar urte (!) Fermin Muguruzari ARGIAn egindako elkarrizketa batez akordatu naiz, esaldi honetaz zehazki: “Hemengo hip-hopa euskaraz garatzen ez den bitartean, gazteek gaztelaniaz hitz egiten jarraituko dute, nahiz eta euskaldunak izan. Gazteek rapa entzuten dute batez ere, baina gaztelaniazkoa, hori da haien erreferentzia. Horri buelta eman behar zaio, bestela jai daukagu”.

Bururatu zait, helburua baldin bada “eskolako hizkuntza” hori eskolatik kanpoko zerbaitekin konektatzea, agian, nik zer dakit, ariketa hobea izango litzatekeela ikastetxeetatik etorri direnentzat arratsaldeko kontzertuok ikustea, standetik standera galdera absurdoak egiten jartzea baino.

Nik hor uzten dut ideia. Egia esan ez da plan estrategikoa, ezta ulertzeko zaila den gauza oso totxo bat ere, baina agian norbaiti baliagarria izango zaio.

PS: Gaurko gauza sinestezinen kapituluan, kronika hau bukatzen ari gara ixteko ordua baino lehen eta Toti Martinez de Lezeak urtero sortzen duen ilara kilometrikoaren arrastorik ez dugu ikusi egun osoan. Zerbait galdu dugula iruditzen zait. Ea aurkitzen dugun datozen egunetan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07