blogak

Arinduz

Balkanetako suminetik (eta saminetik) bakera

soca_kajak_jost_gantar_8_1Dubrovnik, Srebrenica, Sarajevo, Mostar, Banja Luka… Badaude izen batzuk iltzatuta gelditu zaizkigunak. Izenak ondo ahoskatzea kostatzen zaigula. (Ez hain) urrutiko lekuak izendatzen dutenak, duela 20 urte baino gehiago sarraskiak pairatu zituztenak. Lekuek baino batik bat bertako jendeak jasandako gorrotoa, sumina, izua, umilazioa, despertsonalizazioa, samina.1991 eta 1995 artean luzatu ziren 4 urtez Jugoslaviako Gerrak. Eslovenian lehenengoa, arinena, Hamar Egunetako gerra. Kroazian bigarrena, askoz latzagoa eta suntsitzaileagoa. Azkena Bosniakoa izan zen, hiruetatik konplexuena eta gordinena, subkonsziente kolektiboan ondo txertatuta daramaguna.

Bosniakoa da, hain zuzen ere, TV3eko “30 minuts” saioak ekarritako dokumentala (moltíssimes gràcies, Jordi): “Ni oblit, ni perdó”, Izenburuak ondo iradokitzen du mamia, laburbilduta: Gatibuen esparru batean jardundako soldadu baten ankerkeriak plazaratzen ditu erreportajeak. Izena duen esparrua eta izen-abizenak dituzten gatibuak. Izena eta abizena ere badituen munstroa da protagonista nagusia. Nortzuk diren bosniarrak edo musulmanak eta zeintzuk serbiarrak edo serbo-bosniarrak zehazten da, baina modu lausoan, ziur aski konszienteki. (“’71” pelikula irlandarrak ere ederki islatzen duen nahasmendua, Belfasten soldadu britaniar batek bestaldeko marra gurutzatzean sentitutako noraeza).

Baina Balkanetara itzulita, eta borreroarengan fokua ipinita bete-betean, deskubrituko dugu gizon bat, soldadua zenean baino 20 urte helduagoa, kartzelatik pasatutakoa eta zigortutakoa, Finlandiaraino urrundutakoa. Izen-abizenak dituzten biktimei barkamena eskatzeko beharra sentitu duen pertsona. Kasu bakanetakoa. Une batean, esparru hartan gatibuekin ibilitako psikiatrak galdetzen dio zergatik eman duen urrats (ausart) hori. Ez da argi gelditzen, torturatzaile izandakoak azaltzen du psikologo askorekin gogor lan egin zuela presondegiaren barruan, egindako minaz konturatu arte. Ez dakigu atzean arrazoi erlijiosoak egongo diren. Edozein modutan, enpatia sentitzera iristen da, eta hortik errukia praktikatzera. Haren biktima (edo euren senide) batzuekin aurrez aurre egotea lortzen du, krimenak gertatutako kuartelean bertan gainera, orduko eszenatoki makabroan bertan.

Biktimen eta senideen aldetik barkatzea eta ahaztea beste kontu batzuk dira. Ezin dute egin, “ni oblit, ni perdó”, alabaina. Hori ere gizatiarra da, mendeku gogoak sentitzea bezala edo saminean eta gorrotoan enkistatuta bizitzea legez. Baina pertsona bati barkatzea ez da bakarrik berari egiten diozun mesede bat, zeure buruari baizik. Barkamena eskatzen duen pertsona batek handiagoa edo txikiagoa den zama bat gainetik arindu nahi eta behar du. Iraganalditik apur bat askatu eta aurrera begira jarri nahi du bere burua. Eraldaketa bat izan, pertsona hobeago bihurtu, munstrokeria bazter batean laga. Maila handiko helburuak beti ere. Azken buruan oso pertsona gutxi benetan lortzen saiatzen direna. Urrats erraldoiak, Jendea (maiuskulaz) soilik ematera ausartzen dena. Apaltasuna eskatzen duena, biktimen aurrean umiliatzea  eta nolabait biluztea eskatzen duena.

Kuartel hartan lan egin zuen psikiatrak, biktima askorekin ibilitakoa, borreroaren damuari benetakoa dela irizten dio, eta horrela jakinarazten dio. Biktimek ez bezala, bakerako aukera hori ematen dio. Beharbada denbora kontua da biktima eta senide batzuk bake horretara ere iristen lortzea. Barkatu eta ahaztu ahal izatea, alegia. Ariketa zaila, inondik inora. Merezi duena.

 

PD.- Zer da bakea? Akaso, urteak igaro ondoren, gudaleku izandako ibarretara itzultzea da. Garai batean gorpuak egondako ibaietan ibiltzea beste modu batean, piragua batean adibidez. Soča haranean (Esovenia) esate baterako. Orain paradisu, beste garai batzuetan infernu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2018
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07