Blogetan Blogetan Blogetan
Blogetan

Albisteak

Zazpi blog lehiatuko dira Blogetan lehiaketako “Kultura” atalean

2019/03/05

Parte-hartzaileen harira, Gaizka Izagirre kazetariak Ikusi Makusi bloga aurkeztu du, zeinetan bere bi obsesioak biltzen dituen, zinea eta telesailak. Blogaren bidez gomendioak zabaltzen ditu. “Niretzako terapia pertsonal moduko batean bilakatu da jendeari gomendioak ematea. Gozatu egiten dut telesail edo film bat proposatu eta jendearen feedback-a jasotzen dudan bakoitzean; txikikeria dirudi agian, baina asko betetzen nauen zerbait da”, esan du oraintsu egin diogun elkarrizketan.

Liburuminguru berriz, bestelako proposamena da, originala eta estetikoki erakargarria: “Liburutegien argazki-bilduma osatzeko asmoz sortutako bloga da Liburuminguru, etxean ditugun liburutegiena hain zuzen ere. Aldian behin, norbaiten liburutegiaren argazkia argitaratzen da bertan”.

Euskara Satorra izen bereko Youtube kanaleko bloga da. Euskara ikasi nahi dutenentzako bitartekoa da. Horretarako hilero bideoak sareratzen dituzte.

Xerezade, bestalde, Ana Morales itzultzaileak Bilbo Hiria irratia duen literatur irratsaio homonimoaren podcast-a da. Hitz harrapakariak ere letren inguruan ardazten den proposamena da. Hizki horiek baina, askotarikoak dira. Honela dio bloga abiatu duen kazetari beasaindarrak: “Letrak edozein modutara maite ditut: soil-soil ala irudiekin, doinuekin eta abarrekin jantziak. Baina, batez ere, pentsamenduz, zorroztasunez, emozioz eta astinaldiz eraikiak”.

Halaber, Baionako Euskal Ikasketak blogean, Baionako Euskal Ikasketetako ikasleen lanak biltzen dira. Musikarma ere hezkuntza esparruko bloga da, ikasleei musika irakasteko bitartekoa, hain justu: “Ikasleei zuzendutako baliabideak egoteaz gain, beste irakasleentzako musika esperientziak, proiektuak eta materialak partekatzen dira. Bertan biltzen diren materialak ugariak dira: erritmogramak, ipuinak, historia, konpositoreak, abestiak, musika-tresnak...”.

Bada, horiek dira Kultura atalean parte hartu duten zazpi proposamenak. Orain, zuen gustokoena bozkatzea baino ez duzue.


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera