Blogetan Blogetan Blogetan
Blogetan

Albisteak

"Niretzako terapia pertsonal moduko batean bilakatu da jendeari gomendioak ematea"

2019/02/20

Zergatik sortu zenuen bloga?

Umetatik izan naiz zinemazalea. Kontua da nerabezaroa gainditu nuenean, hainbeste harribitxi ezezagun ikusten nituela nire garunean beti esaldi berbera pizten zela “ hau jendeak ikusiko balu, zein gustura gomendatuko nioke hau jendeari…”. Geroztik blog desberdinak ireki ditut nire barruko ezinegon zinemazaleak askatu eta jendeari gomendioak eskaintzeko asmoz. Niretzako terapia pertsonal moduko batean bilakatu da jendeari gomendioak ematea. Gozatu egiten dut telesail edo film bat proposatu eta jendearen feedback-a jasotzen dudan bakoitzean; txikikeria dirudi agian, baina asko betetzen nauen zerbait da.

Zein eragin izan du Blogetan Lehiaketan zure jardunean?

Lehen aldian (2014 urte inguru esango nuke), BLOG BERRI ONENAREN saria irabazi nuen lehiaketa honetan. Ez didazue sinetsiko baina sekulako bultzada eman zidan horrek eta nire ibilbidea aldatu zuen. Geroztik motibazio gehiagorekin hasi nintzen idazten, eduki sakonagoak jorratzen nituen, eta sarean geroz eta arrakasta gehiago lortu nuen. Pixkanaka proiektu eta kolaborazio desberdinetan murgildu naiz, baina argi eta garbi esan dezaket, guztia bloga ireki nuenetik hasi zela. Blog-ari esker lortu ditut egungo kolaborazio eta (ia) lan gehienak, sorrera behintzat hortik dator.

Nola aldatu da zure blog izaera urteotan?

Asko aldatu da, baina funtsean berdina izaten jarraitzen du. Hasiera batean eduki sakonagoak eta luzeagoak jorratzeko joera izaten nuen, baina konturatu nintzen horrek ez zuela “zerrenda” famatuek bezala funtzionatzen. 2016ko telesail onenak, udako film interesgarrienak eta abar bezalako zerrendak sekulako arrakasta izaten dute. Eduki arinak, testu gutxikoak, hori da gaur egun hobekien funtzionatzen didana. Dena den oreka bat mantentzen saiatzen naiz eta bi testu motak uztartzea gustuko dut.

Gaztezuloko zuzendaria zara, hainbat hedabidetako kolaboratzailea, semea, laguna... nola uztartzen dituzu paper guzti horiek blog izaerarekin?

Azken hilabeteetan egia esan oso zaila izaten ari da eta gustatuko litzaidakeena baino denbora gutxiago eskaintzen diot. Baina hasiera horiek burura datozkidan bakoitzean eta jakinda blogari esker hasi nuela nire ibilbide txiki hau, esfortzu estra bat egiteko prest nago beti ahal dudanean behintzat bloga elikatzeko eta batez ere hasieran esan bezala gomendioak askatzeko. Egia da TWITTER bezalako sare sozialak ere laguntzen dutela.

Etorkizunari begira, zein uste duzu izan beharko direla blogaren erronkak?

Zalantzarik gabe jarraikortasun bat izatea eta puntualki elikatzea. Hobe da hilabetean bizpahiru argitalpen egitea, hilabete batean 8 egin eta ondoren 10 hilabete ezer idatzi gabe egotea baino. Jarraitzaile kopuru minimo bat lortzea ez zait oso zaila iruditzen, baina blog hori elikatzen ez duzula ikusten badute, irakurleak segituan ahazten dira zutaz eta alde egiten dute. Eskaintza ugaria dago sarean, eta jakin behar da jendea behar bezala “tratatzen”.

 


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera