Blogetan

Albisteak

Eta hauek dira Blogetan! Euskal blogariak lehian 2. edizioko blog irabazleak!

2017/03/30

Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren edizioa bukatu da. Urtarrilean hasi genuen lehiaketa honen bigarren edizioa eta honetan 129 blogen artean erabaki behar izan dugu lau kategoriako bakoitzean zeintzuk izango ziren hiru finalistak.

Orain, horien artean lau irabazleak aukeratu behar izan ditu epaimahaiak. Lan zaila izan du, arrazoi ezberdinengatik guztiek merezi zutelako saria.

Baina erabakia hartuta, iragartzeko unea heldu da.

Hauek dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren edizioko blog irabazleak:

Kultura kategoria

Iparraldeko neska: Castillo Suarezen bloga Berria egunkariaren sarean. Blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.


 

Gizarte eta politika kategoria

Etzi pm bloga: Talaios Kooperatibaren proiektua da eta eztabaida eta hausnarketa egiteko plataforma da.


 

Aisia kategoria

Game Erauntsia: Bideo jokoak gustuko duen erabiltzaile talde batetik komunitate bat sortu da. Web guneko atal bat bloga da, bideo jokoen inguruan sortzen diren albiste eta berrikuntzak zabaltzeko.


 

Zientzia eta teknologia kategoria

Iparra: Xabier Martinen bloga da. Euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri ematen du, baliabide teknologikoak euskaraz izateko aldarrikapen kanpainak martxan jartzen ditu.


 

Blogari berria saria

Argiak eskaintzen duen blogari berriaren sariari dagokionez, edizio honetan 52 milimetro blogaren egileei eskaintzea izan da Argiaren erabakia. Argazki blog bat da 52 milimetro eta honen egileak Ainara Berges eta Josune Gil dira.


 

Zorionak guztiei!


 

Euskal blogarien bigarren topaketa

Lehiaketa honen sari banaketa Euskal blogarien bigarren topaketa jardunaldiarekin lotu genuen. Jardunaldi honetan blogintza aztertu genuen zentzu zabalean: garapenak, monetizazioa, publizitatea, euskarazko blogintzaren egoera, joerak eta hausnartu beharrekoak, beharrak, etab.

Bi hitzaldi izan genituen: lehenengoa Weblogs enpresaren sortzailea eta egun estrategia zuzendaria den Antonio Ortiz-ek eskaini zuen.

Weblogs gaztelaniaz edukiak sortzen dituen hedabide espezializaturik handiena da. Gai espezializatuen inguruan erabiltzaile komunitateak sortzen dituzte. Lau arlotan egiten dute lan nagusiki: teknologia, bizi estiloa, motorra, aisia eta ekonomia.

Egun, 40 blog baino gehiago kudeatzen dituzte, eta horien artean Xataka, Genbeta, Applesfera, Trendencias, Directo al Paladar, Bebés y más, Vitónica edo Motorpasión gunetako sortzaileak izan dira. Estatu espainolean eta Hego Ameriketan oinarrituta dago euren presentzia eta hilero 55 milioi erabiltzailetik gora dituzte. Weblogs SL munduko interneteko komunikazio talde nagusienen 600en artean dago eta estatu espainoleko 10 nagusienen artean kokatuta dago.

Antonio Ortizen hitzaldia gaur egungo egoeraren azterketan izan zuen ardatza. Blogen hastapenetik hasi eta gaur egunerako errepasoa egin zuen Antoniok, baina batez ere joera eta etorkizuneko erronkak zehaztu zituen.

Ondoren, Biantik enpresako Ion Turrillasek blog bat sortzerakoan kontuan izan behar diren baldintzen inguruko hitzaldia eskaini zigun.

Eta hitzaldien ostean, bi mahai inguru ospatu genituen: batean, garapen arloa izan zen nagusia; bestean, marketin alorreko gaiak landu genituen. Mahai inguru hauetan gai hauetan profesionalak eta adituak diren parte hartzaileak izan genituen: Dabid Martinez,

Urtzi Odriozola, Arkaitz Sukuntza, Eli Garcia, Estitxu Garai, Gorka Julio, Haritz Rodriguez, Iñigo Arandia, Aida Solores, Ixabel Bereziartua eta Ana Malagon.

Ekintza hauekin batera, Azkue Fundaziotik bideratutako euskal blogintzaren inguruko inkestaren emaitzen azalpena eman genuen eta hausnarketarako gaiak plazaratu.

Jardunaldia sari banaketa ekitaldia eta solasaldirako tartearekin bukatu genuen.


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera