Blogetan Blogetan Blogetan
Blogetan

Albisteak

Blogintza, nobedadez gainezka

2019/04/05

Jardunaldia 15:30en hasi zen, komunikazioan aditua den Ioar Oteizaren sarrerarekin.  Aurretik, Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusok egin zuen agurra. Ioarrek interneten egotearen garrantzia azpimarratu zuen. “Denok dakigu egon behar dugula, baina zein helbururekin gauden jakin behar dugu, zein den webgune bat edo blog bat izatearen zergatia”.

EHU/UPVko irakasle Tania Arriaga izan zen berba hartu zuen lehen hizlaria. Taniak esperimentatzeak dakartzan onurak nabarmendu zituen, eta alde horretatik, podcast-ak dituen aukerak goraipatu zituen. “Podcastak paradigma aldaketa ekarri du, beste produkzio mota bat ahalbidetzen baitu, unibertsitateetako edukiak antolatzeko, telebista kate bateko edukiak eskaintzeko…”. Horren harira, berak egindako irratsaio batzuk aipatu zituen. “Podcastak aukera eman zidan fikzioko elementuak txertatzeko elkarrizketetan”.

Esti Beraza eta Aare Castilla TaZebaEz Kooperatibako kideek Visual Thinking-a izan zuten hizpide. “Visual Thinking da hitzak irudi bihurtzea”. Horrekin batera, Interneteko edukiek erabiltzaileen arreta erakartzeko duten zailtasunak azpimarratu zituzten, erabiltzaileok saltoka aritzen baikara eduki batetik bestera, oso tarte txikian. Egoera horren aurrean, irudiaren balioa azpimarratu zuten, “bisualki erakargarriak diren edukiak esanguratsuagoak bihurtzen baitira”. Azkenik, Visual Thinking tresnak  dituen erabilerez aritu ziren, batez ere enpresa esparruan: “Esaterako, oso tresna egokia da ideia abstraktuak lurreratzeko”.

Argia komunikazio-proiektuko kazetari eta kide Gorka Bereziartua lizentzia libreen inguruan aritu zen, Argiak lizentzia horiek txertatu baititu bere jardunean. “Copyright lizentziak kudeaketa arazoak eragiten zizkigun edukiak partekatzerakoan”. Euskararen normalizaziorako ere komenigarriak direla azaldu zuen Gorkak, edukien hedapen handiagoa ahalbidetzen baitute. “Lizentzia libreek hedabideen arteko ezberdintasunak zalantzan jartzen dituzte, eta ohiko ezaugarriak kolokan jartzen dituzte; esaterako, oso egokiak dira agenda bateratuak gauzatzeko”.

Hedoi Etxarte, bestalde, Katakrak proiektuaren ekitaldi-agendaren eta egitarau hori zabaltzeko erabiltzen dituzten sareko baliabideen inguruan aritu zen gehienbat. Agenda hori oparoa eta askotarikoa da. “Eroso sentitzen gara ideologikoki kontrajarriak diren ekitaldiak kudeatzen, zeintzuk gure webgunean, edo edukiontzian, biltzen edo konpilatzen diren”. Halere, nabarmendu zuen sarea ez dela beti uste dugun besteko eraginkorra: “atomoak batzuetan sareak baino eragingarriagoak dira, baina kontrakoa ere gertatzen zaigu, liburuak eta ekitaldiak iragartzerakoan”.

Imanol Epelde blogaria izan zen azken hitza hartu zuen hizlaria. Epeldek 27 zapata bere blogaren errepasoa egin zuen, 2007tik gaur arte. Blog bat babesik gabe elikatzea kontu zaila dela esan zuen, hori dela eta, Argia-ri babesa eskatu zion Imanolek, “hedapen handiagoa lortzeko”. Egun, bloga Argia-ren webgunean dago. Horrekin batera, bideoak grabatzea lan handia dela azpimarratu zuen, egun bere blogean, propio eginiko bideo bidezko hausnarketak txertatzen baititu, zeintzuk oihartzun handia lortzen ari dira gurean. Lan-zama hori aurre egiteko, lantalde txiki bat osatu du Tabakalerak emandako laguntza bati esker, “batez ere bideoak editatzeko”. Halaber, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz txertatzeak ekarri dizkion zalantzak ere nabarmendu ditu. “Euskaldunon konplexuak izango dira, baina Lin Ton Taun taldearen kasua etortzen zitzaidan burura”. Azpititulu horiek sortzea eta bideoetan txertatzeak exijitzen duen esfortzua ere nabarmena dela esan zuen.

Azkenik, blogetan lehiaketaren sari-banaketa burutu zen. Hauexek izan dira edizio honetako irabazleak: Kultura kategorian, Xerezade bloga; Gizartea eta Politikan, 27 zapata; Aisian, Kontra-kantxa; eta, azkenik, Zientzia eta Teknologian, Laborategia.

 


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera